Sopela

TRAFIKO ARAZOEN INGURUKO PROZESU PARTE-HARTZAILEAK SOPELAN: IRUZURRA ETA GARDENTASUN FALTA

EH Bildu haserre agertu da bere iritziz EAJ-ak trafiko arazoen inguruko prozesu partehartzaileak manipulatu dituelako. Izan ere, jeltzaleek bere proiektuak sartu ditu prozesuaren emaitzen artean (aldizkako aparkalekuak, adibidez). Bestetik, proiektuen inguruan gardentasun falta nabaria dela salatu du EH Bilduk: ez da ofizialki ezertaz informatu eta ez da ezer eztabaidatu.

| 2022-01-27 18:02:00

Sopelako mugikortasunaren inguruko prozesu “parte-hartzailearen” berri izan dugu kaleetan jarritako afixen bitartez. Bertan hainbat neurri agertzen dira, ustez ere “adostuak”, afixaren arabera. EH Bildu horien kontra agertu da behin baino gehiagotan (Urgitxieta kalean bi karril jartzea; aldizkako aparkaleku gehiago erdigunean...), beraz ez daude inolaz ere adostuta.

Afixan aipatzen da Bizkaiko Foru Aldundiko errepide-planean txertatuta dagoela jada: proiektu estrategiko horren berri ezin dugu izan kartel baten bitartez! Izan ere, Urkoko saihesbidea erabateko garrantzia du Sopelarentzat, bai trafikoan izan dezakeen eraginagatik, bai eragin dezaken ondorio ekologikoengatik.

EAJ eta PSEko udal gobernua oposizioko taldeak informatu gabe hartzen ari da erabakiak, eztabaidak saihestuz eta gardentasunik gabe arituz udal organoetan: batzorde informatiboetan gaia ez da aipatu ere egin! Honek erakusten digu zein den EAJren eta egungo alkatea den Josu Landaluzeren gobernantza- estiloa: aldebakartasunez jardun, gardentasunik gabe eta prozesu parte hartzaileak erabiliz bere proiektu ez jasangarriak bultzatzeko (beti kotxearen erabileraren mesedetan eta pertsonen kaltetan).

Mugikortasunaren inguruko prozesu parte-hartzaileari buruzko informazioa gardentasunez ematea eskatu dugu urtarrilaren 27ko osoko bilkuran! Alde batetik, Udalak kontratatutako Ibatuz enpresaren eta udal talde guztien arteko bilera eskatu dugu, prozesuaren emaitzen berri izateko eta horien inguruan eztabaidatzeko. Nondik atera dira afixan agertzen diren neurriak?, herritarrek planteatu dituzte edo EAJ-ak?, prozesu parte-hartzaile “gidatua” izan da?, hau da, prozesu “ad hoc” bat?. Horrez gain, Udal gobernuaren eta oposizioko taldeen arteko bilera, Urko saihesbidearen inguruan Bizkaiko Foru Aldundiak duen proiektuaren inguruko informazio zehatza izateko eta azal dezaten zergatik ez duten kontuan hartzen iparraldeko saihesbidea (Inkestas), Loiola Ander Deuna deskongestionatuko lukeena eta baldintza tekniko errazagoak eta inpaktu ekologiko murritzagoa dituena. Erripatik Artadira doan errepide-proiektuaz ere ez dute ezer esaten.

Sopelan benetako galdeketa bat egin behar da, Larrabasterra eta Urko zein Munarrikolanda zonaldea betiko eralda dezakeen proiektu baten inguruan herriaren benetako iritzia ezagutzeko. Oso neurri garrantzitsua da, bai trafikoaren aldetik (eskualdeko trafikoa Larrabasterratik aterako luke), bai ingurugiroaren aldetik ere (kalte ekologiko nabaria). Sopelako herritarrek izan behar dute azken hitza, ez EAJ-ak, ez Bizkaiko Foru Aldundiak.

 

INFORMAZIO GEHIAGO

Trafiko arazoen inguruko prozesu parte-hartzaileak: EH Bilduren aldarrikapen historikoa

2021an zehar Sopelako Udalak mugikortasunaren inguruan zenbait prozesu parte-hartzaile abian jarri zituen, herriko zenbait zonaldetan trafiko arazoa konpontzeko neurriak diseinatze aldera (Larrabasterra, Akilino-Arriola, Olabide...).

Gogoan izan behar dugu trafiko arazoen inguruko prozesu parte-hartzailea martxan jartzea EH Bilduren aldarrikapen historikoa izan dela: bai alkatetzan egon zeneko garaian (2011-2015), non bai joan den legegintzaldian (2015-2019), bai legegintzaldi honetan ere. Zehazki, azken bi urteetan, EAJ/PSE eta EH Bilduren arteko 2020 eta 2021ko aurrekontu akordioetan txertatu genuen prozesu horien beharra.

 

Desadostasunak EAJ eta PSEko Udal Gobernuarekin

2020ko martxoan, Covid-19 pandemia hasieran eta konfinamenduan bertan, EAJ-ak Osteiko errepidea eraikitzeko erabakia hartu zuen, informazioa informazio-batzordeetatik pasa gabe eta
Alkatearen kalitatezko bozkarekin. Historikoki errepide hori Urdulizeko ospitalerako sarbidea izatearekin ez geunden ados.

Ondoren, EAJ-ak aldizkako aparkalekuak abian jarri zituen Bidebieta kalean: EH Bildu ere neurri honekin ez zegoen ados, trafikoa erdigunera erakarriko zuelakoan. Bestetik, Josu Landaluzek duela 3 legegintzaldi zuen proiektua txertatu zuen erdiguneko prozesu parte-hartzailean: Jauregizar Plazan lurpeko aparkaleku bat eraikitzea. Prozesu parte-hartzaile horren metodologia ez zegoen adostuta EH Bildurekin: izan ere, aparkaleku horren kontra egon gara hasieratik (berriz ere, trafikoa erakarriko zuelako erdigunera).

Azkenik, Larrabasterran egindako prozesu parte-hartzailearekin ere desadostasun nabariak izan genituen: bertan agertzen ziren neurri batzuekin ez geunden ados (esate baterako, norabide bereko bi karril Urgitxieta kalean, trafikoa azkartzeko) eta bestetik, gabezia nabaria ikusten genion proposatutako neurri zerrendari (Bizkaiko Foru Aldundiko eskumena den Urko saihesbidearen
inguruan ez zen ezer galdetzen).

Desadostasun hauek eta beste arrazoi batzuek ere bultzatu zuten EH Bildu 2021ko aurrekontu akordioa apurtzera. Ikusten denez, desadostasunak bere horretan dirau. Are gehiago, sakonagoa da EAJrekin dugun herri-ikuspegien arteko talka.

Lan erreformaren aurka mobilizatzeko deia egin du Sopelako EH Bilduk!

| 2022-01-26 13:10:00

Sopelako EH Bilduko kideok bat egiten dugu euskal gehiengo sindikalak iganderako deitutako mobilizazioekin. Ez dugu euskal langileen aurkako eraso gehiagorik onartuko: Euskal Herrian LAN eta ERABAKI! Lan erreforma honi ez! URTARRILAK 30 BIBORA! 12etan Moyua Plazan! OHARRA: https://labur.eus/432al

SEXU ERASOA SOPELAN!

GIZON BATEK ETXEKO LANGILEA BORTXATU DU SOPELAN. Erasoa salatzeko ELKARRETARATZEAK ostegunean hilak 27 Sopelako Udaletxe plazan: 13.00etan gehiengo sindikalak eta 19:00etan mugimendu feministak.

| 2022-01-26 10:39:00

EH Bilduk gogor salatzen du Sopelan urtarrilaren 25ean gertatutako sexu-erasoa eta bat egiten du Sopelako mugimendu feministak deitutako ELKARRETARATZEAREKIN, ostegunean hilak 27 Sopelako Udaletxe plazan, 19:00etan. 

Horrez gain, gehiengo sindikalak (ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, HIRU) Sopelako Udaletxearen aurrean egun berean (hilak 27, osteguna), eguerdiko 13.00etan deitutako elkarretaratzea ere babesten dugu, sopeloztarrak bertaratzeko animatuz.

Larrabasterran urtarrilaren 1ean gertatutako erasoarekin bezala, EH Bilduk instituzioei erantzun integrala eskatzen die, prebentzioan, heziketan eta berdintasun politiketan neurri errealak har ditzan eta herritarrei dei egiten die Sopelako Mugimendu Feministak antolatutako mobilizazioetan bertaratzera.

AURREAN IZANGO GAITUZUE!

TXAKURRENTZAKO PARKEEI BURUZ: IBERROTA PLAZA, ETXEBARRI ZEHARKALEA…

Mikel Tapia: “Ez gatoz bat espazio horiek lehendik dauden eta pertsonek erabil ditzaketen berdeguneen kaltetan jartzearekin. Auzokideen eta animalien artean eztabaidarik sortzen ez duten beste eremu batzuk bilatu behar dira, eta are gehiago pandemia-garai honetan, herritarrek espazio libreetara joateko joera handia baitute ". (2021eko abenduko osoko bilkura)

| 2022-01-23 21:35:00

Abenduaren 23ko osoko bilkuran animaliak edukitzeko eta babesteko ordenantza onartu zen. EH Bilduk Ordenantza horren 12. artikuluari buruz ohartarazi nahi du. Artikulu horrek, baimendutako guneetan txakurrek modu librean ibiltzeko aukera aipatzen du. Hau da, Sopelako berdeguneetan txakurrentzako guneak mugarritzea.

Horrela, gobernu-taldeak (Podemosetik kanporatutako atxiki gabeko zinegotziak eskatuta) fisikoki mugatutako eta hesitutako 3 espazio proposatzen ditu, txakurrek bakarrik erabil ditzaten. Ez gatoz bat espazio horiek lehendik dauden eta pertsonek erabil ditzaketen berdeguneen kalterako izatearekin (Artatzako parkearekin gertatu zen bezala). Bizikidetza-arazo berririk sortzen ez duten espazioak eta alternatibak bilatu behar dira

Eta arazo hori dagoeneko gertatu da Iberrotako eta Etxebarri Zeharkaleko txakurrentzako parkeekin. Obrei hasiera emateko prozedura irregularraz gain (ez dago kontraturik), auzokideak kexatu dira parke berriek auzoek asko erabiltzen duten berdegunea murrizten (eta itsusten) dutelako. Leku berri bat proposatu dute: berdegunean, igerilekuen ondoan, Zipiriñeren aurrean. Erdigunean, berdea baina erabili gabea. Hori guztia udalean erregistratutako eta inguruko herritar askok sinatutako idazkian islatzen da.

EH Bildu haratago doa, Iberrotaren kasuan: guk Larrabasterrari buruzko bi proposamen ditugu gai horrekin lotuta, eta txakurrentzako parkea horien aurka doa zuzenean.

Lehenik eta behin, parte hartzeko PROZESU bat eskatzen genuen Larrabasterrako bizilagunek Udalari jakinaraz diezaioten euren auzorako ZER NAHI DUTEN. Txakurrentzako parke horrek ez die Larrabasterraren beharrei erantzuten. Ez da auzoko bizilagunen eskakizuna. Inposatuta dator.

Bestalde, txakurrentzako parke hau URKO ETA IBERROTAKO INGURU GUZTIAK eraberritzeko PROPOSAMENAREKIN KONTRAKARREAN JARTZEN DA. EAJk parke horretan egin nahi zuen
aparkalekuaren aurka agertu ginen. Ondoren, proposatu zuen jolas parke erraldoi bat eraikitzeko asmoaren aurka ere bagaude. Gure ikuspegia bestelakoa da: Larrabasterrako berdegune osoa ingurune natural gisa egokitzea proposatzen dugu, auzoko bizilagunek goza dezaten. Baita animalientzat ere. Baina asfaltozko elementurik eta hesirik gabe.

EAJk eta PSEk egindako beste ekintza bat, Podemosetik kanporatutako zinegotziaren babesarekin eta oposizioko gainerako taldeen adostasunik gabe. Azken batean, Iberrotako parkea hondatzen ari dira.

Podemoseko zinegotzi kanporatuak EAJren politikak ahalbidetu ditu

Bere botoarekin, Patricia Alfonso Podemoseko zinegotzi kanporatuak gobernu taldearen (EAJ-PSE 8 zinegotzirekin) eta oposizioko gainerako taldeen (EH Bildu 6, Elkarrekin Podemos 1, DBTU 1) arteko berdintasuna hautsi dezake. Argi eta garbi, EAJ zinegotzi transfugoaren interes pertsonalez baliatuko da bere proiektuak aurrera ateratzeko. Izan ere, hala egiten ari da.

| 2022-01-21 12:17:00

Hirigintzako diru-jana: Modus Vivendi Hotela etxebizitza bihurtzea

Joan den azaroaren 25ean egindako osoko bilkuran hirigintzako “diru-jan” bati oniritzia eman zioten, Modus Vivendi hotelaren erabilera birkalifikatzea dakarrena, etxebizitza bihur dadin. Neurri horrek ondorio latzak ekarriko ditu: hoteleko langileek lanpostua galduko dute, tokiko merkataritzari ere eragingo die, hotela ixteak bisitariak galtzeak ekarriko dien kalteagatik, eta Sopelako etxebizitzaren prezio altua are gehiago hauspotuko du, bai erosketan, bai alokairuan. Aipatu osoko bilkuran EAJko zazpi ordezkariek hotela ixtearen alde bozkatu zuten eta EH Bilduko sei ordezkariek eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak kontra bozkatu zuten. PSEko ordezkaria abstenitu egin zen eta DBTUko ordezkariak alde egin behar izan zuen eta ezin izan zuen bozketan parte hartu hotelean interes ekonomikoak zituelako. Zazpi botoko berdinketa horren aurrean, atxiki gabeko zinegotzi izendatu berriaren botoak, talde politikorik ordezkatzen ez duenak eta Podemosetik kanporatu ondoren zinegotzi aktari uko egin ez dionak, birkalifikazioaren aldeko botoa eman zuen, erabakigarria izan zena bozketaren emaitzan. Ikusi da non eta norekin lerrokatzen den.

2022ko aurrekontuak: karta zuria EAJri

Oso larria da EAJk 2022rako aurrekontuak aurrera ateratzeko modua: Podemosetik kanporatutako zinegotziaren abstentzioari esker eta bere alkatearen kalitatezko botoari esker. Izan ere, atxiki gabeko zinegotziaren hitzaldian, EAJk proposatutako kontuei babes esplizitua eman zien. Aurrekontuen onarpenean gertatutakoa uda aurretik espero genuen, Patricia Alonso Podemoseko zinegotziak 15 urterako Sopelako kiroldegiaren lizitazioa erraztu baitzuen, bere alderdiaren, oposizioko gainerako kideen eta sindikatuen aurka, eta, ondoren, bera liberatzeko eskatu zuenean. Azken batean, Podemoseko kanporatuak karta zuria eman dio EAJri, bere epe laburreko politikak eta lehentasunak gara ditzan.

Zein da Podemosen iritzia?

Jakin nahiko genuke Sopelako Podemosen iritzia, bai erabaki zehatz hauei buruz, bai oro har zinegotzi ohiarekin gertatutakoari buruz, orain atxiki gabe baitago, Sopelako Podemosen iritzia oraindik ez baita ezagutzen, publiko egin ez delako.

ALBISTEAK

ZIPIRIÑE: EAJ-K EZ DU EZER EGIN BAINA ALTERNATIBAK EGON BADAUDE

2022-01-12 12:37:00

Egin al du EAJ/PSE gobernu-taldeak Loroñoko lurren egokitzapenean aurrerapauso zehatzik? Erantzuna ezezkoa da. Zipiriñe handitzeko proposamena gauzatu al du gobernu-taldeak? Erantzuna baiezkoa.

SEXU ERASOA LARRABASTERRAN

2022-01-11 09:35:00

Sopelako EH BILDUk urtarrilaren 1ean Larrabasterran gertatutako sexu erasoa gogor salatu du, biktimari bere elkartasun eta babes osoa helarazi dizkio eta deitzen diren mobilizazioetan zein ekimenetan parte hartuko duela jakinarazi du.

Hirigintza-irregulartasunak Sopelan? EH Bilduren proposamena

2021-12-28 10:38:00

Hirigintza-irregulartasunik al daude Sopelako eraikuntza “berriko” etxebizitzetan? Zein eremutan gertatzen dira arau-hauste horiek eta zein etxebizitza-motatan? Hemen azaltzen dugu EH Bilduk joan den abenduaren 23ko osoko bilkuran defendatu zuen proposamena.

EAJk kiroldegiko kuotak % 20 igoko ditu 2022an eta % 73 hurrengo 6 urteetan

2021-12-27 13:55:00

20 urterako Sopelako kiroldegia enpresa pribatu bati esleitu ondoren, EAJk % 20 igoko ditu erabiltzaileen kuotak 2022an. Hurrengo 6 urteetan % 73ko igoera metatua gertatuko da bazkideen tarifan, lizitazioaren pleguen arabera. Eta 7. urtetik aurrera, urteko % 2ko igoera aurreikusten da. Eta zergatik hain igoera nabarmena? EAJk eta enpresak adostutako etorkizuneko kirol-instalazioak, hein handi batean, kiroldegiko erabiltzaileei kuotak igota finantzatuko dira, hau da, sopeloztarrek zuzenean ordainduko dituzte inbertsio horiek.