AKTUALITATEA


| 2019-10-09 18:51:00

 

ZIPIRIÑEKO ESKOLAREN ESPAZIO ARAZOAK

Ez da Sopelako bilakaera demografikoaren azterketa sakona egin behar, bertako eskola publikoaren espazio arazo larriez ohartzeko. Eskolaren sarreran dauden barrakoiak besterik ez dira ikusi behar. Hainbatetan kalera atera da Zipiriñeko Eskolako Gurasoen Elkartea, arazoa konpontzeko aldarrikatuz: 2018ko uriaren 25ean, 2018ko martxoaren 25ean eta 2017ko abenduaren 1ean. Hezkuntza zentroen espazio arazoa kontu zaharra da Sopelan.

 

IRTENBIDE POSIBLEAK

Egun, bi irtenbide nagusi daude: Zipiriñeko Eskola handitzea, egungo zentroan beste eraikin bat eginez edo beste eraikin bat egitea Zipiriñetik kanpo, ahal izanez gero, Sopelako erdigunetik gertu.

EH Bilduk herrian bertan kokatutako beste zentro baten aldeko apostua egin du, ondoren, hezkuntza komunitateak erabaki dezala zein den pedagogikoki aukerarik egokiena: eraikin berrian hezkuntza etapa guztiak eman, bi eskola independiente sortuz Sopelan; edo eskola bakarra baina bi eraikinetan banandurik, non eraikin berrian etapa bakan batzuk emango diren, haur hezkuntzaren zikloa, esate baterako). EH Bilduk kokagune zehatza proposatu du eraikin berri honetarako (Loroñoko aparkalekuaren inguruko ortuak, egungo artadia babestuz), udalerriko naturguneak babestuz (San Andreseko landak aske utzirik) eta herri kohesioa bermatuz. Azken irtenbide honek, genero ikuspegia eta irizpide ekologikoak kontutan hartzen ditu (ikus Hiritik At-eko lantaldeak prestatutako txostena).

 

ZIPIRIÑIREN INGURUKO GALDERAK HEZKUNTZA SAILARI

Zipiriñeko espazio arazoei aurre egiteko zer irtenbide proposatzen du Eusko Jaurlaritzak?. Galdera hau erregistratu zuen Sopelako EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean joan den uztailaren 18an , Jaurlaritzak gai honen inguruan bere iritzia eman zezan: zehazki, galdera horiek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren posizionamendua argitu nahi zuen, egun mahai gainean dauden bi aukeren inguruan.

 

HEZKUNTZA SAILAREN ERANTZUNA

Erantzuna tamalgarria, lotsagarria eta Sopelarentzat oso arriskutsua izan da: "Sopelako bilakaera demografikoa aztertzen ari da Hezkuntza Saila". Badirudi Eusko Jaurlaritzari bost axola zaiola Zipiriñe Eskolaren espazio arazoa. Eman berri dituzten erantzunek "barrakoizko" hezkuntza nahi dutela argi erakusten dute. Kalitatezko hezkuntza publikoa ez dela beraien lehentasuna, alegia.

Emandako erantzunez gain, badaude beste bi datu oso garrantzitsu: Zipiriñeko Eskola ez da agertzen Jaurlaritzaren 2019-2023ko inbertsio planean, bai ordea udalek eskoletan obrak egiteko diru-laguntzen zerrenda: eta bertan "modulu prefabrikatuan zimendua jartzea" aipatzen da. Barrakoiak!

 

EH BILDU-ren IKUSPEGIA

Galdera eta erantzun hauen berri eman zien EH Bilduk Sopelako hezkuntza komunitateari eta gainontzeko alderdi politikoei, irailaren 25ean egindako bilera batean (sortu berri den Hezkuntza Mahaian, alegia, Sopelako irakaskuntza publikoko hezkuntza komunitateko ordezkariak eta Udaleko alderdi politikoez osatuta). EH Bilduk bilera horretan argitu zuen bere ikuspegia: Sopelako hezkuntza zentroen arazoei erantzun integrala eman behar zaio, eta aldi berean heldu, bai Iberreko arazoei, bai Zipiriñeko beharrei. Irizpide pedagogikoak eta sozialak hartu behar dira kontutan (ikuspegi ekologikoa eta herri kohesioa). Proposamen eta ideia zehatzak aurkeztu zituen EH Bilduk:

Hezkuntza komunitatearen iritzia jasotzea ezinbestekoa da: zer behar du Zipiriñek, egungo zentroa handitu edo beste eraikin bat izan Zipiriñeko Eskolatik gertu?. Hezkuntza komunitateak bere osotasunean, eta batez ere Zipiriñeko gurasoek, erabaki behar dute zer den hobeagoa ikasleentzat.

Hezkuntza Sailaren pasibitatea salatu: EH Bilduren ustez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren erantzuna eta jarrera onartezinak dira. Izan ere, Jaurlaritzak ez du inolako irtenbiderik proposatzen (urte guzti hauetan ez dute ezer egin!), Zipiriñeko gurasoen eta gainontzeko hezkuntza komunitateko kideen aldarrikapenei muzin eginez. Hezkuntza Sailaren borondate eza salatzen dugu.

Hezkuntza Sailarekin biltzeko beharra: Egungo egoera onartezina da eta berau bideratzeko bitartekoak bilatu behar ditugu. Hezkuntza Sailarekin bilera erregularrak egiteko proposaman luzatzen dugu, batzorde misto baten baitan: Zipiriñeko hezkuntza komunitatea (zuzendaritza, gurasoen elkartea, eskola kontseilua), Udala eta Hezkuntza Saila, mahai baten inguruan eseriz, Sopelako eskola publikoak egun duen arazo larriari irtenbidea emateko.