AKTUALITATEA


| 2021-10-17 12:50:00

Sopelako Udalaren 2021ko aurrekontuen negoziazioan EH Bilduk 150.000€ko partida proposatu zuen, Covid19-ak sortutako krisiaren ondorio sozio-ekonomikoak leuntzeko. Zehazki, ostalaritza, merkatari zein zailtasun ekonomikoak pairatzen dituzten herritarren beharrei erantzuteko (ikus https://labur.eus/XYYfj). EH Bilduren beste proposamenen artean (ikus https://labur.eus/A2ueF), Covid19 Plana finantzatzeko partida onartu egin zen, 2021ko otsailaren 25eko Osoko Bilkuran. Orain arte Covid19 Planaren %20a besterik ez du gastatu Udal Gobernuak. 150.000€tik 30.174€. Ekainean, 9.358€ Zipiriñeko eskolaren garbiketa sendotzeko eta irailean 20.816€ ludoteka/gaztelekuaren kudeaketa hobetzeko. Aldaketa hauek Alkateak hartu ditu aldebakarreko erabakien bitartez, ez dira oposizioarekin adostu eta erabakiak hartu eta gero jakinarazi dizkigute. Beste alde batetik, EAJ-ak proposatutako neurri horiek ez dira benetako talka-plan bat Covid19-aren kontra. Neurri potenteagoak behar ditu Sopelak.

EH Bilduk 2020an hainbat proposamen aurkeztu zituen Covid19-ren ondorio sozio-ekonomikoei aurre egiteko. Sopelarentzat plan zehatz bat proposatzen genuen (ikus https://labur.eus/IjAZ0), hainbat Udalen esperientzietan oinarrituta, esate baterako Bilboko talka-plana (ikus https://labur.eus/pQEqV) edo beste udalerri batzuetan emandako diru-laguntza zuzenak (ikus https://labur.eus/jJHPS).

Oraingoan HONAKOA ESKATZEN diogu EAJ eta PSEren Sopelako Udal Gobernuari:

Covid19 Planaren gainontzeko %80a 2021an erabiltzea (119.826,00€-ak). Beste udalerrietako esperientzietan oinarrituz, Sopelako Covid19 Planaren gainerako zenbatekoa 2021an bertan gure herrian inbertitzeko eskatzen dugu.

Zehazki, HONAKO PROPOSAMENAK aurkezten dizkiogu Sopelako Udalari, eztabaidatuak izan daitezen dagokion organuan (Informazio Batzordeak, Bozeramaileen Batzordean), beste talde politikoek proposa ditzaketen bestelako neurriekin batera:

  1. Denda-bonuak (%50a). Sopelako komertzioetan erosketak finantzatzeko bonuak ateratzea. Sopelako Udalak badu esperientzia horrelako deialdietan (2020an bertan), beraz denda-bonoen prozedura hobetu daiteke iazko balorazioan oinarrituz. Esate baterako, Durangoko Udalak web-aplikazio bar erabiltzen du bere esleipen prozeduran. Ikus https://bonoa.durango.eus/info
  2. Gastro-bonuak (%30a). Prozedura berdintsua erabil daiteke ostalaritza-establezimenduetan, dendetan baina partida murritzago batekin. Esate baterako, Durangoko Udalak web-aplikazio bar erabiltzen du bere esleipen prozeduran. Ikus https://bonoa.durango.eus/bono/1.
  3. Diru-laguntza zuzenak Sopelako komertzio eta ostalariei, Covid19ak eragindako kalte ekonomikoak arintzeko (%20a). Posiblea da mota horretako diru-laguntza deialdi bat 2021. urtean gauzatzea. Esate baterako, ikus Durangoko Udalak ostalariei emandako diru-laguntzak (https://labur.eus/6Sjyo).

Uste dugu aukera legalak egon badaudela gastu hori 2021an gauzatzeko. Beharrezko da funtsa hori aurten aplikatzea, lehenbailehen, bere onurak herrian ahalik eta azkarren zabal daitezen.Sopelak neurriak behar ditu, horretarako finantzazioa dago, has gaitezen eztabaidatzen, Sopelako Udala berandu dabil jada!