"Alkatea Maduro bezalako bere lagun ideologikoengatik kezkatuago dagoela dirudi", "gaitasunik eza", "erabateko paralisia", "utzikeria eta alderdikeria", "iruzurra", "kontakizun tranpatia", "demagogia eta sinplismoa", "adabakiak eta xahuketak" edo "adarra jotzea" bezalako adierazpenak behin eta berriz erabili ditu EAJk bere aldizkarian EH Bilduren gobernu ekintza "kritikatzeko". Adierazpen hauekin batera argazki muntaia baldar eta kaskarrak agertzen dira.
Oker dabil EAJ, probokazioa, hitz potoloak eta Sopelan Espainiako Kongresuan ohikoa den konfrontazio estrategia erabiliz gure helburutik aldentzea lortuko duela uste badu: seriotasunez eta zintzotasunez lan egitea sopeloztarron bizi kalitatea hobetzeko.
Harrigarria da kritika batzuen edukia, Sopela, Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritza hogeita hamar urte baino gehiagoz gobernatu dituen alderdi batetik datozenean. Galde daiteke Sopelako oraingo arazoak legealdi honetan sortu diren edo urteko jatorri luzea duten? EAJk ez al du autokritika handiagoa egin behar eta hamarkadetan zehar bere kudeaketaren erantzukizuna bereganatu?
EHBilduren Udal gobernuak, partaidetzan, gardentasunean eta hurbiltasunean oinarritutako gobernatzeko modua bultzatzen ari da. Oraingo legegintzaldian, EAJk eskura ditu aurreko legegintzaldietan oposizio-taldeei ukatzen zien dokumentazioa eta jarduteko tresnak. EHBilduren lan egiteko modu horrekin batera kudeaketa eraginkorra egin da eta proiektu estrategiko geldiaraziak desblokeatu dira: ikastetxeen zabalkuntzan aurrera egitea, hirigintza-plangintza berritzea, etxebizitza babestua eta soziala sustatzea, zerbitzuen kontratazio berriak eta erronka berriak kirolaren, mugikortasunaren eta udal-azpiegituren arloetan.