Lizitazio berria aho batez onartu da.
Aurreko legegintzaldian (2021ean) EAJk 15 urterako (20ra arte luza zitezkeelarik) BPX Sport enpresari egindako lizitazioaren ondoren, azken udal hauteskundeetako kanpainan asko eztabaidatu zen gai honetaz eta zeresan handiak sortu zituen. EHBilduk bere programan hitzez hitz esan zuen: "kiroldegiko egungo pribatizazio-eredua gainditzeko borondatea dugu" eta horretan ari gara.
Alderdi guztiek BAI bozkatu dute lizitazio berri honetan eta pozten gara inolako zalantzarik gabe; baina ezin dugu ahaztu 2021ean 15-20 urterako lizitazio bat aurrera atera zutela EAJk, PSEk eta zinegotzi transfugak gure herria hipotekatuz. Josu Landaluze EAJko Sopelako alkateak esan zuen "esleipendunak konpromisoa hartu du datozen 15 urteetan hiru milioi euro inguruko inbertsioa egiteko kirol-instalazioak modernizatzeko, eta 2023tik aurrera, Sopelak puntako instalazioak izango ditu instalazio berriekin. Udalak ez du inolako ordainketarik egin beharko kanon moduan; udal-inbertsioa zero kostukoa izango da" (Deia 2021/07/31). 2026an gaude, eta "elukubrazio" horiek ezerezean geratu dira, baina, zoritxarrez, EHBilduren iragarpena bete da: "udal-inbertsioa agian zero kostukoa izango da, baina sopelostarrentzat ez: egungo kuota erreferentziatzat hartuta, datorren urtetik aurrera eta hurrengo 6 urteetan % 73ko igoera metatua izango da bazkideen tarifan". Zoritxarrez, kuoten igoera gertatu da, baina instalazioak oraindik ez dira hobetu.
Oso zaila da legez irabazi zuen enpresa batekin kontratu bat alde bakarretik etea udalerriarentzat kostu ekonomiko kaltegarririk eragin gabe; negoziazio-lan handia egin behar izan da enpresa kudeatzailearekin, eta egungo egoeraren azterketa sakona: instalazioen eta haien egoeraren auditoria; 2024-2027 aldirako kirolaren plan estrategikoa burutzea; kiroleko udal-teknikariaren figura sortzea eta lizitazio berrirako pleguak egiteko udaleko kirol-zerbitzu berriaren bideragarritasun-plan bat egitea.