2022an Sopelan gizalegezko ordenantza onartu zenetik, eta ondoren, udal hauteskundeetarako programan, EHBilduk ordenantza hau indargabetzeko eta "bizikidetza" ordenantza batekin ordezkatzeko konpromisoa hartu zuen.
Gure ustez, gizalegezkoari buruzko egungo ordenantza "udal mailako moxal legea" da, eta udalerrian adierazpen askatasuna mugatzea du helburu nagusitzat, aldarrikapen "desegokiak" zigortuz. Araudi hori EAJk, PSEk eta Podemoseko zinegotzi trasfugoak onartu zuten (ahaztu egin da transfugo honen lankidetza penagarria EAJrekin aurreko legealdian).
Sopelan era guztietako kartelak eta pankartak egon dira eta daude: aldarrikapen laboralak, sindikalak, sozialak, Ukraina eta Palestinako gerren aurkakoak, langabetuenak, erretiratuenak, etxebizitza eskubidearenak, euskararen aldekoak, eraso sexista, arrazista eta homofoboen aurkakoak, egoera politikoarenak... dena debekatuta al dago? Dena zigortzen al da? Edo EAJren gustukoak ez direnak bakarrik?
Aldarrikapen horiek mugatzea autoritarismoaren eta adierazpen-askatasunaren aurkako jokabide zuzena eta argia da, ez baitugu imajinatu nahi “batzuk” zigortuko direla eta beste batzuk ez “norbaiten” irizpideen "arbitrarioen" arabera.
Ez da izena aldatze hutsa; izan ere, 2022an proposatu genuen ordenantza alternatibo bat, "bizikidetza" izenekoa, gizarte- eta hezkuntza-politikan gehiago zentratzen dena eta gutxiago zigorretan; bitartekaritza eta komunitate-lanak dira tresna nagusiak, eta “zigorra” azken pieza, ez ardatz nagusia. Adierazpen-askatasunaren eta kritika sozial eta politikoaren erabilera bermatzen duen araudia da.
Sopelako hainbat gizarte taldek aurkeztu zituzten 2022an giza-legeria araudi horren aurkako alegazioak: Sopelako Pentsiodunek, Sopelako Auzo Elkarteak, ELA eta LAB sindikatuek, Kurene Pilota Elkarteak, Sopela Sugarriko talde feministak, Ernaik, Sopelako Kuadrillak, Kiribilek, Sopela Kantarik, Berbalagun Sopelak, Gure Esku Dagok, Meñakoz Kultur Elkarteak, Jardun Koordinadorak... Adierazpen, informazio eta elkartze askatasunaren oinarrizko eskubideen urraketari, pobreziaren kriminalizazioari, zigorren proportzionaltasun faltari, segurtasun juridikorik ezari eta abarri buruz politikoki eta juridikoki ondo oinarritutako alegazioak. Ez zuen ezertarako balio izan. Bat ere ez zen onartu.
Sopelako Gobernu Taldeak (EHBildu eta Elkarrekin) Sopelako herritarren iritzia ezagutu nahi du eta parte-hartze prozesu baten bidez gure udalerriak bizikidetzaren arloan dituen erronkak identifikatu. Prozesu honi buruzko informazioa udalaren webgunean aurki daiteke.