Aurreko legealdian lizitazioa irabazi zuen arkitektura-taldeak idatzitako HAPO berriaren aurrerapen-dokumentuari EHBilduk aurkeztu egin dizkio hainbat proposamen hobetzeko asmoz.
EHBilduk apustu argia egiten du HAPO berriaren alde; hain zuzen ere, 1998ko Arau Subsidiarioak iraungi ostean legearen ezinbesteko beharra da; baina hortik harago behar-beharrezkoa jotzen dugulako datozen 20-25 urteko Sopela diseinatu ahal izateko egungo hirigintza eredua gaindituz non lehentasuna eman zaion dentsitate txikiko etxebizitzei kolektiboen gainetik. Arau Subsidiarioen eredua erdigunetik urrun dauden dentsitate baxuko edo oso baxuko bizitegi-okupazioetan oinarritu da horrek dituen ondorioekin: logela-auzoak, merkataritzarik gabekoak, topalekurik gabeak, ibilgailu partikularraren mendekoak… eta ekarri duen ingurumenarekiko erasokorra den eredua garatzea eta udal-zerbitzuen kostu handitzea (garbiketa, lorezaintza, etab.).
EHBilduren helburuak
EHBildu positiboki baloratzen du aurkeztutako dokumentuaren zenbait ekarpen, hainbat ideia guztiz erabilgarriak baitira; hala ere, beste atal batzuetan hobekuntzak proposatzen ditugu 5 helburu inguru.
1.- Ingurunea, naturgunea eta gure historia eta kultura-ondarea errespetatzea
2.- Etxebizitza publikoen eraikuntza sustatzea.
3.- Oinezkoei lehentasuna eman trafikoaren gainetik
4.- Sopelako hainbat auzo kohesionatzea
5. Industrialdea indartzea, tokiko merkataritza sustatzea eta nekazaritza-eremuak babestea.
EHBilduren proposamenak
Haietan sakondu gabe, aipatzen ditugu. Dokumentu osoa lotura honetan irakur daiteke
“Ingurunea, naturgunea eta ondare historiko kulturala errespetatzea” atalean gure ustez, errespetatu behar da 2022/04/07an Sopelako ingurumen eta kultura-ingurunea (eraztun berdea) babesteko sinatutako akordio estrategikoa; beraz, uste dugu "Ander Deuna" izeneko eremua ez dela urbanizatu behar; Ganebarri eta Argaluza eremuetan "pasabide naturaleko" guneak utzi behar direla eraikinik egin gabe; kanpinetik gertu dagoen eremuaren kalifikazioa ez aldatzea; Lemotza errekaren eremuari babes-kalifikazioren bat ezartzea, bai San Andres ingurutik Manene auzoraino, eta Loroño kaletik gasolindegiraino. Azkenik ondasun babestuen katalogoa eta ondare arkitektoniko mapa osatu behar direla uste dugu babes-araubide berezia emanez arrisku-eremuetan daudenei.
“Etxebizitza publikoen eraikuntza sustatzea” dela eta, egokia jotzen dugu etxebizitza librearen/etxebizitza babestuaren aurrerapen-dokumentuan proposatutako proportzioa eta Loiolako/Asuko/Bareñoko lurzati publikoen erabilera Babes etxebizitzarako edo zuzkidura-ekipamenduetarako; hala ere, "Ander Deuna" eremua ezin dela urbanizatu kontuan hartuta, proposatzen dugu etxebizitzen guztizko kopurua murriztea, area honetan eraiki zitezkeenak gutxituz; araudi zehatz bat proposatzen dugu herriaren erdigunea kanpora begira eraikitzeko, ilogikoa bailitzateke auzo isolatuak sortzea gainerako herriarekin loturarik gabe; udal-partzelarik ez saltzea eskatzen dugu etxe pribatuak eraikitzeko “lur zati publikoak etxebizitza publikoetarako” eta azkenik etxebizitza turistikoak murriztearen aldeko apustua egiten dugu.
“Oinezkoari lehentasuna ematea trafikoaren gainetik” 3. helburu honetan, ez dugu komenigarria ikusten Ingestabaso/Zientoetxe kalea handitzea hiru erreiz hornitzeko eta ez da egokia kale honen eta Bi-3114 foru errepidea lotzeko aurreikusitako errepidea. Egokiak jotzen ditugu proposatutako Ripako eta Argaluzeko errondak, azken honi aldaera txiki bat gehitzen diogun arren.
Sopelako auzoak kohesionatzeko duten beharraz, bat egiten dugu Loiola Ander Deuna kalea gizatiartzea eta kale (boulevard) bihurtzea Asu, Bareño eta Loiola auzoek Larrabasterrarekin lotura errazagoa izan dezaten. Beste oinezkoen lotura berri bat proposatzen dugu Larrabasterra eta Sopelako erdigunearen artean Karabiondo eta Zabalbide kaleetan arrapalak, pasabideak edo erabiliz; eta azkenik egingo diren auzo berriei auzo "bihotzez" hornitzea eskatzen dugu: plazak, oinezkoentzako pasealekuak, aisialdirako guneak, bidegorri seguruak, Sopelbus, udal instalakuntza txikiak...
5. helburua dela eta; “industrialdea indartzea, tokiko merkataritza sustatzea eta nekazaritza eremuak babestea” , Sopela ez dela herri logela izan behar defendatzen dugu, horrela industria-eremuan baimendutako erabilerak definitzea eskatzen dugu teknologia berriak lehenetsiz; nekazaritza eremuetan aztarna ekologikoa eta elikadura-subiranotasuna bezalako gaiak aintzat hartzea eta nolabaiteko babesen bat ematea Gatzarriñe eta Mendieta inguruei; eta azkenik tokiko merkataritzaren garapenari begira, uste dugu HAPO berriak zenbait eremu iradoki behar dituela aparkaleku periferikoak kokatzeko.