Abaro ingurua garatzeko Sopelako Auzo Alternatibak berriro jo du auzitegietara udal akordioaren aurka.
Abaro garatzeko udal akordioak 16 zinegotzien aldeko bozka izan zuen (EHBildu, EAJ, PSE eta Elkarekin) eta kontrako bakarra, Auzo Alternatibarena, zeinak 2023ko abuztuan auzitara jo zuen plan horren aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarriz.
Aurtengo urrian, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Sopelako Udalari, hala ere, Sopelako Auzo Alternatibak kasazio-errekurtsoa aurkeztu du berriro ebazpen horren aurka.
Sopelako Auzo Alternatiba duen blokeo jarrera horrek Abaroren garapena geldiaraztea dakar zuzen-zuzenean eta ondorioz kaltea egiten die sopeloztar guztiei, Abaro funtsezko eremua baita Sopelarentzat: bertan 490 BOE eta Batxilergoko eraikin berria eraikitzea eta Urko ibarrean eta Gobela ibaian birgaitzeko eratze-proiektuak gauzatzea aurreikusita baitaude.
Auzo Alternatiba ezin da ezkutatu errekurtsoan “geldiaraztea eskatzen ez” duelako aitzakiaren atzean. Inork ez du lur metro kubiko bakar bat ere mugituko epaitegi bideetan dagoen gai batean, segurtasun juridiko falta handian murgilduta baitago.
Eta babes ofizialeko etxebizitzen “% 100 "nahi dutela esatea” aitzakia ere bada. 1999. urteaz geroztik garatu gabe zegoen Abaro, eta une honetan adostutako "Abaro" ez da EHBilduk nahi zuena, baina ezta EAJk, PSEk edo Elkarrekin edo lurren jabeek nahi zutena ere... Oraingo Abaro guztiok onargarria den akordio batera iristeko urte askotako lanaren eta ordu askotako eztabaiden emaitza da, eta ondorioz egitasmo GAUZAGARRIA da.
Indar politiko guztien eta lurren jabeen arteko akordioa lortu zenean, Eusko Jaurlaritzaren onarpenarekin, Auzo-alternatibak auzitara jo zuen, eta epaitegiak arrazoia eman ez dionez, berriro jo du. Zer diote elkarte honetako kideek? Zenbat dira? Zer interes pertsonal daude? Zinegotziaz gain, nortzuek osatzen dute Auzo Alternatiba?