AKTUALITATEA


| 2019-05-16 11:53:00

EH Bilduk Sopela eraldatu nahi du. Sopela hobetu alor guztietan. Horretarako, 3 oinarri ditugu: bizi kalitatea, parte-hartzea eta herri nortasuna. Herri biziagoa nahi dugu, erosoa eta erakargarria. Guzti hori egitasmo zehatzetan islatzen da, guztiak legegintzaldi honetan garatu beharrekoak.

Irisgarritasuna hobetzeko neurriak Sopela osoan. Auzoen zaintza ezinbestekoa da, batez ere erdigunetik urrun dauden auzuneetan. Arrietara eta Atxabiribil, adibide esanguratsuak dira. Bestetik, erdigunean oinezkoei lehentasuna ematea beharrezkoa da herria biziberritzeko, trafikoaren abiadura motelduz. Sopela erosoagoa bihurtu nahi dugu, adin guztietako pertsonentzat (haur zein nagusi). Horren harira, Jauregizar Plazaren birmoldaketa gauzatu nahi dugu: plaza handitu, elizatik euskaltegiraino, inguruko espaloiak berriztuz eta haurrentzako jolasgune estali bat eraikiz. Oso garrantzitsutzat jotzen dugu Larrabasterra biziberritzea, auzo erakargarriagoa eta erosoagoa bihurtuz. Urgitxieta plazan haurrentzako jolasgune estalia, kultur ekipamendu egokiak (gazteleku, ludoteka, erabilera anitzeko gelak).

Irisgarritasunaren gaiak trafikoaren arazoa konpontzea eskatzen du: prozesu parte-hartzaile bat, non herritarrok saihesbide-alternatiben artean erabaki bat hartu dezaten; bidegorrien sarea osatu; metroaren maiztasuna handitzea eskatu.

Sopelak kalitatezko hezkuntza zentroak izan behar ditu, ez masifikatuak eta erdigunetik ahalik eta gertuen. Guk proposatzen dugun irtenbidea, Iberre Institutua handitzea da, Abaro sektorearen garatuz (Babes Ofizialeko Etxebizitzak) eta eskola berri bat eraikitzea Loroño aldean (Lemotzako ingurunea berreskuratuz). Loroñoko zonalde berean, liburutegi berri bat eraikitzea aurreikusten dugu: horrek egungo Frontoiaren eraikina liberatzea ekarriko luke, kultur alorreko erabilerarako, adibidez (gazteleku bat erdigunean). Kultura eta gazteriaren alorrean ere baditugu bestelako ideiak: Euskara teknikari propio bat udalarentzat eta Kultura Sailaren sendotzea, kultur eskaintza zabal dezan bai Kurtzion, bai Larrabasterran.

Sopelan beste funtsezko gai bat, etxebizitza politikak dira. Hainbat irtenbide proposatzen ditugu: etxebizitza hutsak merkaturatzeko neurriak, babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza (alokairu sozialari garrantzia emanez) eta alokairua diruz laguntzeko deialdia handitzea.

Etxebizitzaren gaiarekin lotuta, hirigintza eredu berri baten alde egiten dugu: Sopela epe luzera planifikatu behar dugu, jasangarritasun irizpideekin bat eginez. EH Bildu alkatetzan egon zeneko garaian hasi genuen bezala, HAPO edo Herria Antolatzeko Plan Orokorra martxan jarri nahi dugu, herri hohesioa, naturguneen babesa eta ekipamendu publiko egokiekin.

Azkenik, udal funtzionamendua hobetu nahi dugu: gertuagoa, eraginkorragoa, efizienteagoa. Eragile sozialekin lankidetza aktiboa (talde feministak, kultur elkarteak, kirola, talde ekologistak), herritarren kontseiluak (emakumea, gazteak, kirola, hezkuntza, turismoa), bilera publikoak auzoetan eta gaien arabera, prozesu parte-hartzaileak, informazio batzorde irekiak, kontratazio publikoen kontrola klausula sozialen bitartez (lan arlokoak, ingurumena, kalitatea), egungo udal langileen egitura berrantolatu, enplegu publikoa bultzatu (pribatizatutako zenbait zerbitzu publifikatuz), herritarrenganako arreta hobetu (protokoloa, teknologia berriak). Hauek dira gure proposamen nagusiak, Udala Sopela eraldatu eta hobetzeko tresna izan dadin.