AKTUALITATEA


| 2024-11-30 20:27:00

Euskaldunok egokitzeko gaitasuna erakutsi dugu Historian zehar. Hori da, 2024ko abenduaren 3 honetan ere, hizkuntza bizia, gaitua, baliagarria eta erakargarria edukitzearen atzean dagoen misterioaren esplikazioa. Baina egokitzen asmatzen jarraitu behar dugu, gure herrietako errealitatea inoiz baino biziago aldatzen ari baita. Horregatik, premiazkoa da aurrean dugun erronkari heldu beharra. 

Gogoeta ugari egin dira eta egiten ari dira euskararen egoerari buruz. Oso garrantzitsuak dira, bide erakusten dutelako. Eta gogoetekin batera, lidergoak behar dira, diskurtso argiak eta proposamenak. Helburuak garbi markatzeko eta adostasunak bilatzeko unea da.  Euskararen berreskuratzean indartze-aro berri bat irekitzeko momentua: hizkuntza-politika berria martxan jartzekoa. 

Gure herrietara iritsi, iristen eta iritsiko diren gizon-emakume horiei guztiei eskua luzatu nahi diegu, eta hizkuntza inklusiboa oparitu: euskara ezagutzeak eskubide soziala izan behar du eta euskara ikasteak, doakoa eta unibertsala. Eskatu behar ditugu euskara irakasteko metodo malguak eta doituak, herritar berrien egoerak askotarikoak izango direlako. Hizkuntza-harrera eraginkor bat eratu behar dugu denon artean. 

Hezkuntza komunitatean zabaldu egin behar dugu gure herriaren egoera soziolinguistikoaren kontzientzia: irakasle guztiak dira hizkuntza irakasle. Ikastetxeek jarraitu behar dute izaten gure arnasgune funtzional txikiak, eta eskolaz kanpoko aisialdi antolatua euskararentzako hauspo izan dadila lortu behar dugu.

Hain zuzen ere euskararen arnasguneek betetzen duten funtzio nuklearra aintzat hartu eta babes-neurri bereziak eta denboran iraunkorrak eskatu behar ditugu, euskararen dentsitate-gune altuko herrietako iraunkortasun soziolinguistiko, sozial eta ekonomikoa ziurtatzeko. Eta horretarako kultura ezinbestekoa zaigunez, Euskal Herri osoa barne hartuko duen kultur programazio sarea indartu behar dugu udalerri guztien artean, koordinazioa eta eraginkortasuna helburu.

Ezin ditugu onartu udal askoren hizkuntza plangintzak baldintzatzen dituzten erabaki juridiko bidegabeak. Administrazio guztiek dugu ardura euskararen biziberritzearekin, txikienetik handienera.

Hau guztia posible izan dadin lan egiteko konpromisoa hartu nahi dugu. Politika ezinbestekoa da, eta sinesten dugu despolitizatu baino, politizatu egin behar dugula hizkuntzaren gaineko diskurtsoa, eta gizarte mugimenduarekin batera egin nahi dugu gorako bidea: euskalgintza aktiboa nahi eta behar dugu soka-lagun. Harreman sareak sendotzeko unea da, bakoitza bere zeregin eta arduratik, baina garbi dugu elkarrekin topatuko dugula, topatzekotan, xenda.

Orain da unea. Hau da urtea. 

Sinetsita gaude baldintzak badaudela oinarrizko adostasunak lortzeko, eta prest gaude ahalegin guztiak egiteko norabide horretan. Baliabideak behar dira, noski; bultzada politikoa ere bai; egiturazko aldaketak, nola ez; euskararen lurralde guztiak kontuan hartuta pentsatu. 

Baina, batez ere, euskaldunon komunitatea aktibatuko duen mezua eta diskurtsoa behar da, eta mezu hori hizkuntza eskubideen errespetutik, herritar guztien arteko berdintasunetik eta euskaldun izatearen harrotasunetik etorriko da. Nortasuna ematen digun hizkuntza bat daukagu, komunitate-zentzua elikatzeko eta arnasberritze nazionala indartzeko oinarrizko erregaia, eta hizkuntza hori kohesiorako tresna eraginkorra izatea dugu amets. 

Geuretik, mundura.