Ikuspegi feminista kirolean
Oihane Hernández Zurbanok munduko futbol txapelketa irabazteak Sopela astindu du. Batez ere, herriko emakume kirolari eta futbolarien artean sekulako oihartzuna izan du berriak. Irene Paredes Legazpiko jokalariak esan duen bezala, "gutako asko hazi gara futbola gure lekua ez zela pentsatuz. Posible dela, leku hau gurea ere badela”. Berdintasunaren aldeko sentimendu hori nagusitu da herrian eta horregatik, Sopelako Udalak ekitaldi xumea antolatu du: “Oihaneri eta bide batez, gure herriko emakume kirolari guztiei ondo merezitako aitortza eman nahi diegu, berdintasunaren alde egiten duten lanarengatik”. Asko dago egiteko kirola eta berdintasunaren esparruan eta oraindik ere jazarpen, diskrimazio eta erasoen aurrean tinko mantendu beharko gara, berdintasunean oinarritutako gizartea lortu arte. Biharko ekitaldiaren helburua “borroka eta amets bide hau errealitate bihurtzeko” ildoan kokatzen da.
Euskal selekzioen nazioarteko ofizialtasunaren aldeko aldarria
Sopelako Udalbatzak, 2014ko apirilaren 29an Euskal Herriko kirol selekzioen aldeko mozioa onartu zuen, Bilduk proposatuta eta EAJren babesarekin: idatzi horrek euskal selekzioak nazioarteko txapelketetan modu ofizialean lehiatzeko aukera izan dezala aldarrikatu zuen. Oraingoan ere, euskal selekzioen nazioarteko ofizialtasunaren aldeko aldarriari babesa adierazten diogu. Sopelatik eta Euskal Herritik mundura!