Martxoaren 8an kalera ateratzeko deiarekin bat egin du EH Bildu, faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak aldarrikatzera.
Martxoaren 8aren bezperetan, agerraldia egin du EH Bilduk, Donostiako Zigarro-egileen plazan. Agerraldian hitza hartu dute Nerea Kortajarena Programa idazkariak, Oihana Etxebarrieta politika feministetako arduradunak eta Zaloa Basabe Iruñeko zinegotziak.
Mundu mailan ultraeskuinak bizi duzu gorakadari so eginez, Etxebarrietak deialdiaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: «Urte luzeetako borroka ezberdinen bidez eskuratutako eskubideak, atzeraezinak zirenaren ameskeria apurtuta, defentsa eta salaketa garaia heldu dela ikusten dugu askok, eta nazioarte mailako tendentzia atzerakoien aurrean, tokian tokira lotutako dinamikekin elkartasun feminista eraikitzen jarraitzea inoizko garrantzitsuen bilakatu da». «Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz. Euskal Herrian, gure eskumen-esparru mugatuan, argi daukagu gure lurraldeetan gure bizitzaren burujabe ez garen bitartean ezin izango ditugula beharrezko aldaketa guztiak bultzatu», esan du legebiltzarkide eta politika feministen arduradunak.
Kortajarenak salatu du ez dela onargarria 2025ean, zaintza bezalako oinarrizko eskubide bat, negozio bat izatea. «Ez da onargarria euskal familiek aurrezkiak hustu behar izatea funtsezko behar bat betetzeko. Gobernuek nahitaez bermatu behar dute zainketa-sistema publiko bat, interes pribatizatzailerik gabea.
EH Bilduk argi dauka: ez dago ezer antifeministagorik herritarren oinarrizko premiekin negozioa egitea baino. Horregatik, gaur berretsi egiten dugu ongizatea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta inoiz merkantzia ez diren zaintzak bermatzeko konpromisoa», adierazi du.
Bukatzeko, munizipalismotik egin daitekeen eta egiten den lanari erreferentzia eginez, Basabek, gobernantza feminista aldarrikatu du. «Egiteko moduei, egiten denari baina gehiago begiratzean datza. Demokratizazio prozesu bat da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa. Gobernantza feministari buruz ari garenean lidergo transformatzaile bati buruz ari gara eta beharrezkoa da ikuspegi feminista txertatzea aurrera eraman nahi dugun prozesu subiranistan», ondorioztatu du.