Otsaileko osoko bilkuran (27-02-2025), Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) egiteko erabiliko diren irizpideak eta helburuak jasotzen dituen dokumentua aurkeztuko da. Plan horrek Sopelako etorkizuna zehaztuko du, ingurumena, ekipamenduak, mugikortasuna edo etxebizitza bezalako gaietan.
Osoko bilkura honetan EZ dira neurri zehatzak onartuko, HAPOk oinarri izan behar dituen ideia orokorrak baizik: gida-lerro bat ezartzen da, aurrerago hartuko diren neurriak koherenteak izango direla ziurtatzeko.
EHbilduk balorazio positibo bikoitza egin du; alde batetik, orain aurkeztutako dokumentua arkitektura-taldeak egindako aurretiazko proposamenaren emaitza da, gehi proposamen horri egindako ekarpenak buruturiko bizilagunen tailerretan eta erredakzio-taldeari helarazitako proposamenak eta iritziak. EHbilduk oso balorazio positiboa egiten du, eta egindako proposamen guztiak eskertzen ditu, partekatzen ditugun ala ez, hori baita EHBilduk bultzatzen duen gobernantza-eredua: herritarren parte-hartzea sustatzea.
Bestalde, planteatutako sei irizpide eta helburu orokorrak ere, oso positiboki baloratzen ditugu. Hauexek dira:
1.- Babes publikoko etxebizitza bultzatzea, gure udalerriko hazkunde iraunkorra eta orekatua ziurtatuz.
2.- Natura-ingurunea eta historia, kultura eta hizkuntza-ondarea babestea, klima-aldaketaren erronkei aurre eginez.
3.- Gizarte-kohesioa eta genero-ikuspegia sustatzea, ekipamenduak eta zerbitzuak auzoen artean modu orekatuan banatuz, espazio publikoen irisgarritasuna eta erabilera inklusiboa, bidezkoa eta segurua ziurtatuz.
4.- Mugikortasun iraunkorra sustatzea, oinezkoei ibilgailu pribatuaren aurretik lehentasuna emanez eta garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera sustatuz.
5.- Udalerriko garapen ekonomikoa indartzea, tokiko merkataritza dinamizatuz, turismo jasangarria eta kalitatezkoa sustatuz, dagoen merkataritza-gunea bultzatuz eta nekazaritza-eremuak eta landa-ingurunea babestuz.
6.- Sopelak dituen berezko ahalmenak indartzea Mankomunitatearen eta Uribe Kostako eskualdearen barruan, eta, era berean, Bilbo Handiko metropoli-eremuko erakunde eta udalerriekiko harremana bultzatzeauz.
Gure ustez, sei zutabe hauek oinarri egokiak dira HAPOn aurrera egiten jarraitzeko eta, ondoren, hiri-garapenak, ingurumena babesteko eremuak, zerbitzuak eta abar adosteko. Desadostasunak egon daitezkeen alderdi zehatzenak HAPOren idazketaren hurrengo faseetan jasoko dira, non alegazioak egiteko aukera ere egongo den eta behin betiko dokumentua osoko bilkuran bozkatu beharko den.