Aurreko legealdian HAPO egiteko lizitazioa irabazi zuen arkitektura-taldeak atariko dokumentu batean aurkeztu du bere proposamena. Orain hobetzeko iritziak, iradokizunak eta kezkak biltzeko fasean gaude.
EHBildu sakon aztertzen ari da aurkeztutako atariko dokumentua, eta alderdi eta proposamen interesgarri eta positiboak ikusten ditu; baina, era berean, hainbat ataletan aldatzeko proposamenak egingo ditu, besteak beste:
Ingurumenaren ikuspegitik, uste dugu zirriborro honek ez duela aintzat hartzen 2022/04/07an Sopelako ingurumen - eta kulturguneak babesteko sinatutako akordio estrategikoa, "eraztun berdea" izenez ezagutzen dena. Akordio hori udalerriko alderdi politiko guztiek sinatu zuten, herriko kultura - eta kirol erakunde ugarik, bai eta Uribe Kosta Mankomunitateak ere.
Aintzat ez hartze hori argi ikusten da Ander Deuna eremua urbanizagarri bihurtu nahi izatean, eraztun berdearen proiektuaren arabera babestu beharreko eremutzat hartzen baita. Beraz, EHBilduk uste du birplanteatu egin behar dela eremu hori urbanizagarri bihurtzea eta, ondorioz, bertan dauden etxebizitzak eta Cientoetxe kalea eta Bi-3114 foru-errepidea lotzeko aurreikusitako errepidea.
Mugikortasunaren ikuspegitik, ez da bidezkoa Cientoetxe kalea zabaltzea hiru errei jartzeko. Galtzadaren egungo zabalerari eustearen alde egiten dugu, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo eta Gernika artean Sukarrietan erabiltzen duen bezalako trafikoa lasaitzeko sistemaren alde egiten dugu. (Hiri seguruak/uhin berde barea).
Merkataritza-lurzorua sustatzeari dagokionez, ez dugu egoki ikusten kanpinaren lurretatik gertu aurreikusitako "hirugarren sektoreko eremua".
Etxebizitza-kopuruaren ikuspegitik, uste dugu egokia dela HAPOren aurretiazko dokumentuan proposatutako proportzioa: eraikitako etxebizitza guztien +/- % 80 babestutako etxebizitza ezartzen baitu; baina uste dugu gehiegizkoa dela aurreikusitako etxebizitza berrien kopurua. Kopuru hori murriztu egin behar da, eta benetako bizitegi-premietara egokitu.
Proposamen hauek, esan dugun bezala, aurretiazko dokumentura hurbiltzeko lehen hausnarketa da, proiektua aztertzen jarraitzen baitugu, eta, aurrera begira proposamen gehiago eta zehatzagoak aurkeztuko ditugu eta herritarrei jakinaraziko dizkiegu: (Sopelako etorkizunaren ikuspegi integrala; etxebizitza duina izateko eskubidearen eta ingurumenaren arteko beharrezko oreka; trafiko-arazoei erantzutea eta auzoen arteko kohesioa; ekipamendu eta instalazio publikoen beharrak, tokiko ekonomia bultzatzea...). EHBilduk alderdi politiko gisa dituen proposamen guztiak eramango dizkio erredakzio-taldeari, eta dugun Sopelako gobernu-taldearen eta alkatetzaren erantzukizuna kontuan hartuta, udalean adosten saiatuko da beste alderdiekin.
Eskerrak eman nahi dizkiegu bizilagun guztiei egindako proposamenengatik, partekatzen ditugun ala ez, hori baita EHBilduk bultzatzen duen gobernantza-eredua: herritarren parte-hartzea, eta azpimarratzea sortzen diren dokumentu ofizial guztiak, prozesuak, parte hartzeko aukerak, datak eta abar www.sopelaplanorokorra.eus webgunean aurki daitezkeela. Lor dezagun hemengo informazioa gezurrezko buloetan erori gabe.