AKTUALITATEA


| 2019-11-05 18:33:00

 

Elkarrekin Podemos, EH Bildu eta DB/TU alde, PSE abstenitu eta EAJ/PNV kontra

Urriaren 31ko osoko bilkuran Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozio bat zegoen eztabaidagai: Sopelako Udalean energia berriztagarriak erabiltzearen aldeko mozioa. DB/TUko zinegotzia energia berriztagarrien aldeko neurriak martxan jartzearen alde agertu zen, aurreko legegintzaldietan gai honen inguruan ezer gutxi egin zela argudiatuz. PSE-ren ustez, oraingo legediak mozioak berak esandakoa barnebiltzen duela gaineratu zuen eta beraz, abstenitu egin zen. EAJ/PNV antzeko arrazoiak jarri zituen mahai gainean, zehazki, mozioak ez zuela ezer berririk aipatzen, legeaz gain: jeltzaleak kontra bozkatu zuten.

 

Gaia ez da berria Sopelako Udalean 

EH Bildu alkatetzan egon zenean (2011-2015 legegintzaldia), energia ikuskaritza bat abian jarri zuen 2012an. Energia garbia eta ez kutsakorra erabiltzea bezain garrantzitsua da ahalik eta energia kontsumo txikiena izatea. Orain arte ez dira martxan jarri ikuskaritza horrek proposatutako neurriak.

Horrez gain, 2017ko urtarrilaren 1ean, EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen gai guzti hauen inguruan (energia berriztagarriak, pobrezia energetikoa eta enpresa txiki eta ertainak laguntzeko asmoa). Hala ere, EAJ/PNV-ren jarrera argia izan da gai honen inguruan: kontra egitea eta egungo enpresa handi eta kutsakorren alde egitea. Hala ere, jarrera zentzuratzailea erabiliz, EH Bilduren ekimena ez zuen bozkaketa demokratikoaren bitartez blokeatu: zuzenean ez zuen mozio gisa onartu. Garai hartan EH Bilduko zinegotzia zen Juan Sánchez-en argudioak sendoak eta argiak izan ziren: EAJ/PNVren jarrera inposatzailea kritikatu eta energia kontratatzeko orduan irizpide moralak kontutan hartzearen beharra.

Azkenik, 2019ko uztaileko osoko bilkuran, larrialdi klimatikoaren egoera aldarrikatzeko mozioa eztabaidatu zen. Hainbat eragilek idatzitako mozioari (Elkarrekin Podemosek erregistratuta) Sopelako EH Bilduk emendakin bat txertatu zion: alde batetik, Udalak beren-beregi aldarrikatzea larrialdi klimatikoa (neurri sinbolikoa) eta bestetik, Sopelara egokitutako neurri erabat praktikoa. Zehazki, EH Bilduk 8 hilabeteko epean Sopelan aldaketa klimatikoa eragiten duten faktoreei buruzko ikerketa bat egin zezan eskatzen zion Udalari, Jasangarritasun Energetikoaren inguruko 4/2019 Legea Udalari moldatzeko bide gisa. Mozioa ez zen aurrera atera, EAJ/PNV, PSE eta DB/TUren kontrako bozkekin.

 

EH Bilduren jarrera

Koherentziaz eta seriotasunez, eta planteamendu orokorrak herrira ekarriz, EH Bilduk bat egin zuen Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozioarekin, baina (beste behin ere) Sopelarako neurri zehatzak proposatuz emendakin baten bitartez. Horrela, Guruzne Carrasson zinegotziak bi ideia gaineratu zituen: enpresa txiki eta ertainen aldeko neurriak aplikatzearen beharra (energia-hornidura kontratua lote txikietan lizitatuz 6 hilabeteko epean eta enpresen tamainaren araberako bestelako oztopoak ezeztatuz) eta baliabideen aurrezkia sustatzeko neurriak.

EH Bilduren proposamenak aurrera atera ziren eta beraz, behin betiko mozioak eduki sakonagoa izan zuen. Gauzak horrela, Sopelako Udalak 6 hilabeteko epean energia hornidura kontratatzeko lizitazioa atera beharko du, Iberdrolaz besteko enpresa txiki eta ertainei aukerak irekiz eta energia berriztagarrien erabilera bermatuz, energia bera aurrezteko neurriak abian jartzeaz gain.