AKTUALITATEA


| 2020-03-03 09:39:00

 

Sakabanaketak, 30 urte

30 urte bete dira urrunketa politika martxan jarri zenetik. Euskal presoei ezarritako urruntze sistematikoa, alderik aldeko indarkeria gordinenaren garaian, ETA ahultzeko estrategia gisa ulertu zuten askok.

Badira zortzi urte ETAk bere jarduera armatua amaitutzat eman zuenetik eta hiru urte igaroko dira bere desagertzetik. Orduz geroztik, hamaika ekimen egin dira elkarbizitza eta bakearen mesedetan. Guztion artean pixkanaka elkar harremana eta elkarlana sortzen hasiak gara.

 

Espetxe politika aldatzearen beharraz

Azken bi urteak garrantzitsuak izan dira elkarlan horren bidean eta jendartearen gehiengo oso zabal batek kontsentsu sendo bati eutsi dio: Eremu politikoan, orain arte ez bezala, alderdien gehiengo espetxe politika aldaketa beharraz hitz egiten hasi da, eta ezberdintasunak ezberdintasun, orokorrean aldaketa honen norantzari dagokionean sintonia nabari da; salbuespeneko espetxe politika honekin amaitu beharra dago. Maila Instituzionalean, mozio ezberdinak onartu dira talde nagusien babesarekin; urrunketa politikaren amaiera eskatzen.

 

Emakume presoen egoeraz

Frantziar Estatuari, emakume presoei dagokienean, jada adostua dago guztiak batuko dituen espetxea. Horrez gain, DPSak kentzen ari dira eta kasu konkreturen batean lan baimena ere eman dute, baina oraindik badaude gai batzuk konpondu gabe, larriki gaixo dauden bi presoren egoera kasu, edota bizi osoko zigorra duten presoena.

Espainiar Estatuari dagokionean aldiz, Pedro Sanchezek lehenbizikoz Gobernua eskuratu zuenetik, egungo salbuespeneko espetxe politika aldatzearen aldeko adierazpenak entzun ditugu. Orain, Podemos alderdiarekin batera osatutako Gobernua osatuta, salbuespen legedia alboratu eta araudi arrunta ezarriz, euskal presoen etxeratze prozesua martxan jartzeko aukerak zabaldu dira.

Emakume presoen egoeraz aritzeko, hitzordu garrantzitsua beraz Sopelako Sarek deitutakoa, martxoaren 6an: gogoratu, Kurtzion 19.00etan.