EHBilduk egungo udaltzaingoaren komisariaren erreforma integralaren aldeko apustua egin du, horretarako, uztaileko osoko bilkuran 562.000 euroko aurrekontu-aldaketa aurkeztu eta onartu zen, baina ez du babesten komisaria berri bat eraikitzea..
Behar beharrezkoa da
2018an, OSALANek (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak) txosten negatiboa egin zuen Udaltzaingoaren egungo bulegoetan gabeziak zeudela identifikatuz. Une hartan, EAJk komisaria berri bat eraikitzearen alde egin zuen, eta EHBilduk egungo instalazioak eraberritzearen alde, eta horrela helarazi genien herritar guztiei gure udal hauteskunde-konpromisoan. Hitzez hitz zera argitaratu genuen: "Udaltzaingoa: Gertuko eredua bultzatzea, komisaria berri bat eraiki beharrean, egungo komisaria birmoldatu, erdigunean bertan mantendu dadin” Argiago ezin da egon, ez dugu inor engainatzen.
2 x 1
EHBildu, alkatetzan dagoelarik, jarrera horrekin bat etorri da, eta uztaileko osoko bilkuran aipatutako aurrekontu-aldaketa hori aurkeztu zuen. Aldaketa horren barruan sartzen dira, egungo komisariaren erreforma integralaz gain, Doctor Landa kaleko lokalak egokitzea (lehen Itzartu elkarteak erabiltzen zituenak). Lokal horietan udaltzaingoa kokatuko da obrek dirauten bitartean, eta, amaitutakoan, lokal hori udalaren esku geratuko da erabat eraberrituta, herritarren beste behar batzuetan erabiltzeko, lagatzeko, aprobetxatzeko...
EAJk erreforma horren aurka bozkatu zuen, udaltzain-etxe berri bat eraikitzea defendatzen jarraitu zuen eta gogor kritikatu zuen EHBilduren jarrera. Logikoa da haien jarrera defendatzea, baina gure buruari galdetzen diogu…
Zer utzi nahi dio EAJk Sopelari… beste "fardel" bat?
Zer nahi du EAJk, kiroldegiaren moduko beste zorpetze bat utzi? Aurreko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE) diseinatutako komisaria egiteko, 700.000 euroko aurrekontu-aldaketa egin zuen 2022an, osotara 1,4 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten zen, eta 350.000 euroko lursaila (BEZik gabe) erosi zion Viuda de Sanz sustatzaileari Bareño inguruan.
Aurrekontu kopuru hori EAJk eta PSEk atera zuten aurrera aurreko legegintzaldian, Ahal Dugu zinegotzi transfugaren botoa baliatuz eta alkatearen kalitatezko botoarekin.
EHBilduren proposamena
EHBilduren proposamena zalantzarik gabeko kalitatezko arkitektura talde batek garatutako proiektu batean oinarritzen da, udal teknikariek bermatua. Udaleko informazio-batzordean eta udaltzaingoaren sindikatu-ordezkaritzan aurkeztu da. Proiektu honek beharrezko eskakizun tekniko guztiak betetzen ditu, lan-baldintza duinak bermatzen ditu eta, gainera, diru kopuru horren truke, lehen esan bezala, bi udal-lokal eraberritzen dira. EHBilduk hurbileko polizia defendatzen du, eta edozein kudeaketa egiteko, egungo kokalekua hobea da bizilagunen beharrei erantzuteko.