AKTUALITATEA


| 2019-05-20 11:31:00

Zein da, zuen ustez, euskararen egoera Sopelan.

Sopela ez da herri euskalduna. Helburu hori lortzeko bidean dago, baina oraindik ere euskararen egoera ez da izan beharko lukeen onena. Datu batzuk ematearren: Soziolingustika Klusterraren arabera, sopeloztarron %41,90a euskaduna da eta 32,80a, ia euskalduna. %25,30a erdelduna. Asko dago egiteko, batez ere kalean eta etxean. Hizkuntzaren ezagutzan baino, erabileran dago gakoa.

 

Zein da udalak egin beharreko lana euskararen erabilera bultzatzeko? Zein da bete behar duen funtzioa?

Gure ustez, Udalak euskararen normalkuntzarako giltza izan behar du. Hizkuntza ohituren aldaketa bultzatzeko, Udalaren garrantzia erabatekoa da. Beharbada, Sopelan egon daitekeen eragilerik garrantzitsuena izan daiteke. Kultur elkarteak, kirol elkarteak, ikastetxeak, familiak… guztiak dira garrantzitsuak, baina Udalak eragile guzti horiek bultza ditzake. Gure ustez, Udalak kalea aktibatu dezake euskararen erabilera orokortuz.

 

Zelan baloratzen duzue Udalak orain arte egin duen lana alor horretan?

Udalari dagokionez, gure ustez, protagonismo gehiago izan beharko luke euskararen sustapenean. Udalak motorra izan behar du. Ezin dugu esan Sopelako Udalaren esfortzua hutsaren hurrengoa denik, baina euskararen sustapena udal politika guztietan isladaturik egon beharko luke. Gai transbertsala da. Funtsezkoa.

Gai lazgarri bat aipatu beharrean gaude, Udalari dagokionez. Hiruka euskarazko hedabideari laguntza ukatzearena. Tokiko euskarazko hedabideen garrantzia erabatekoa da euskararen normalkuntzan. Horrez gain, herri kohesioa eta komunitatea bera trinkotzeko balio dute. Sopelako Udala izan da eskualde osotik Hirukari laguntza ukatu dion bakarra. Hori EH Bilduren ustez onartezina da.

Dena dela, ezin dugu ahaztu Udalak euskararen alorreko eskumena mankomunatu duela, hau da, Uribe Kostako Mankomunitatearen esku utzi duela eskumen hori.

 

Mankomunitatearen lana baloratzerik duzue?

Guk oso modu negatiboan baloratzen dugu Mankomunitateak euskarari eskaintzen dion ahalegina. Euskara teknikariak azpi-kontratatzen ditu, oso baldintza prekarioetan: guztira, lan ordu gutxiegi, egin behar duten lanarekin alderatuz… eskualdeko osoko hizkuntza politika garatu! Teknikari horien inplikazioa izugarria da. Gu eurekin aritu izan gara behin baino gehiagotan euskararen aldeko ekintzetan eta sekulako esfortzua egiten dutela uste dugu. Baina Mankomunitatearen lana ez da nahikoa euskararen alorrean dauzkagun erronkei heltzeko. Gai estrategikoa da guretzat.

 

Zer neurri proposatzen ditu EH Bilduk?

Udalak berak bere ohiko funtzionamenduan euskararen erabilera sendotzeko plan bat du. Barneko plan bat da. Guk plangintza hori hobetzeko proposamenak aurkeztu genituen, bai informazio-batzordeetan, bai osoko bilkuran ere (ikus urtarrileko osoko bilkuraren 13.10 minutua). Plangintza horren emaitzen kontrol zorrotzagoa, lan talde finko bat antolatzea plangintzaren kudeaketa egiteko, baliabideak zehaztea plangintza aurrera eramateko... Bereziki garrantzitsua, Udalak jardun horretan baliabideak esleitzea. Udal euskaldun bat izatea beharrezkoa da Sopela bera euskalduntzeko.

Bestetik, herri mailako plangintza bat diseinatzea beharrezkoa da. Euskara plan integrala. Udaletik bertatik diseinatzea zer ekintza burutu behar diren euskararen erabilera bultzatzeko herrian. Guk neurri hori 2017ko aurrekontuen hitzarmenean adostu genuen EAJ eta PSEko udal gobernuarekin. Baina ez zuten bete. Proposamen bera gure programarako berreskuratu dugu. Sopelako Udalak euskara bultzatzeko plangintza integral bat behar du, urte osoan zehar ekintza sistematikoak garatuko dituena eta behar besteko baliabideekin. Baliabideen gaia oso garrantzitsua da. Euskaran inbertitu behar dugu. Kultura sailaren barnean, hizkuntza normalkuntzarako azpi-sail bat sortzea proposatzen dugu, euskara dinamizatuko lukeen teknikari batekin. Sopelako Udalaren barnean euskararen erabilera bermatu ezezik, herriko hizkuntza ohiturak aldatzen lagunduko lukeen pertsona behar dugu.

 

Eta Euskaltegiari dagokionez?

Denon ahotan dago Sopelako Euskaltegiaren kudeaketa hobetu daitekeen zerbait dela. Kexa ugari egon dira ikasleen aldetik. Matrikulazioak behera egin du. Ikasleak galdu ditugu. Guk aparteko neurriak proposatu genituen egoerari buelta emateko. Euskaltegia udalaren erakunde autonomoa zen. Gure ekimenez, Udalak bereganatu zuen Euskaltegiaren kudeaketa. Hala ere, ez dago modurik kudeaketa horri behar bezalako jarraipen bat egiteko (esate baterako, ikasleek zerbitzuaz egindako balorazioak, kostuen azterketa egokia).

Euskaltegiaren gaiari heldu behar diogu. Bere kudeaketa eredua berrikusi eta berrantolatu. Eta kudeaketa horren jarraipen zorrotza eraman. Euskaltegia funtsezkoa da Sopelan euskararen egoera iraultzeko.

 

Zein izango litzateke zuen helburua?

Sopeloztarren %75a euskaraz badaki, aho bizi izan, zein belarri prest. Gure helburua euskararen erabilera sustatzea da. Zalantzarik gabe. Dakitenek euskara erabiltzea. Konplexurik gabe. Beldurrik gabe. Helburu hori lortzeko, Udalak dinamizatzaile eginkizuna bereganatu behar du. Euskararen gaiak zentrala izan behar du eta poliki poliki pausu errealak eman behar ditugu norabide horretan. Makillajerik gabe.