AKTUALITATEA


| 2021-12-24 17:32:00

EH Bilduren iritziz, oso larria da EAJk 2022rako aurrekontuak aurrera ateratzeko modua: Podemosetik kanporatutako zinegotziaren abstentzioari esker eta alkatearen kalitatezko botoari esker. Izan ere, atxiki gabeko zinegotziaren hitzaldian, EAJk proposatutako kontuei babes esplizitua eman zien. Aurrekontuen onarpenean gertatutakoa uda aurretik espero genuen, Patricia Alonso Podemoseko zinegotziak 15 urterako Sopelako kiroldegiaren lizitazioa erraztu baitzuen, bere alderdiaren, oposizioko gainerako kideen eta sindikatuen aurka, eta, ondoren, bere soldatapeko liberazioa eskatu baitzuen. Kontutan izan behar dugu, ekaineko eta iraileko osoko bilkuran EH Bilduk zinegotzi horren domisioa eskatu zuela.

Gertaera lotsagarri horien aurrean, EH Bilduren jarrera berresten dugu: ez diogu oniritzirik emango EAJri, hainbat arrazoirengatik: gure ekarpenak ez ditu kontuan hartu edo manipulatu egin ditu, eta nahi zuena nahi izan duen moduan egin du (bai 2021eko otsailean onartu zituen zuzenketa partzialetan, bai 2020/2021eko aurrekontu-akordioan); 4 legealditarako esleipena (kiroldegia) ezarri du adostasunik gabe; Ernaiko gazteen aurkako polizia-errepresioa ahalbidetu du; erabakiak alde bakarretik hartu ditu oposizioari galdetu gabe (Osteikoko bidea, Sopelako trafikoaren alternatibarik gabe), BM eraikitzea inolako aurkakotasunik gabe erraztu du; Loroñoko aparkalekuko lurrak egokitzeko ez du ezer egin, eskola-komunitateak adostutako hezkuntza-eraikin berria eraikitzeko (aldiz, eurek proposatutako proiektua gauzatu dute, Zipiriñeko patioa handitzea, alegia); Udaltzaingoarentzako polizia-etxe berri bat eraikitzeari lehentasuna eman nahi dio, gure udalerriko beste behar batzuk alboratuta, eta abar.

Aurrekontuei eman diegun ezetza ez da soilik 2022ko kontuetan oinarritzen. EAJrekiko mesfidantzaren emaitza ere bada, legealdiko bi urte hauetako balorazio negatiboaren emaitza eta bere gobernantza-ereduari, alde bakarrekoa eta ez lankidetzazkoa, egindako kritika zuzenaren emaitza. Bultzatzen dituen proiektuak eta horiek bultzatzeko moduak ez datoz bat gure herri
ereduarekin.

Horregatik guztiagatik, EZEZKOA eman diegu Sopelaren beharrei erantzuten ez dieten aurrekontuei, eta EZEZKOA esan diogu EAJk horiek aurrera ateratzeko zinegotzi transfuga bat erabiltzeari, hautestontzietatik sortutako ordezkaritza aldatuz.