AKTUALITATEA


| 2019-10-02 10:08:00

URIBE KOSTA EZ DA BATZOKIA!

Duela hilabete eskas salatu genuen: EAJ-k ez ditu hauteskundeetako emaitzak onartzen. Ez du oposiziorik nahi. Eta azken legealdietako jarrera antidemokratikoari beste estutu eman dio. EAJk, hauteskundeen emaitzen arabera, beti izan du zegokion ordezkaritza baino handiagoa, baina oraingo honetan lotsagaberiaren marka guztiak gainditu du: 15 ordezkarietatik 12 bereganatu ditu (7 eduki beharko lituzke); EH Bilduri 2 utzi dizkio (5 egokitzen zitzaizkion) eta PSEri 1 (zegokiona). Ordezkaririk gabe utzi ditu Elkarrekin Podemos eta Gorlizko independienteak, bana beharko luketen arren.

Mankomunitateak gure herrietako biztanleei eman behar die zerbitzu eta ondorioz, biztanle guztien ordezkariei aukera eman behar zaie biztanle horien interesak kudeatzen diren instituzioetan parte hartzeko. Izan ere, Mankomunitateak ia 3 milioi euro gestionatzen ditu, eta EAJk gestio hori ez du inorekin partekatu nahi, ezta inork horren kontrol demokratikoa egitea ere. Orain arteko gestioa eskasa eta iluna izan bada, nolakoa izango da aurrerantzean oposizioaren parte hartzea galarazita?

Baina badirudi EAJ-k ez duela oposizio handirik nahi; are gutxiago, EH Bildurena, behin baino gehiagotan utzi dugulako agerian EAJren gaitasun eta proiektu falta Uribe Kostarako (gizarte larrialdiko laguntzetan edo euskara zerbitzuan izandako murrizketak, esate baterako), eta jakin badakitelako, euren eredu zimelduaren alterbatiba garela.

Benetan uste dute horrelako erabaki antidemokratikoekin ezer gestiona daitekeela behar bezala? Lankidetza sustatzeko bide egokitzat jotzen al dute oposizioa baztertzea?

Ezin hasiera txarragoa. Mankomunitateak denon laguntza eta ekarpena behar du, dagoen inertziatik ateratzeko eta gure herriek dituzten beharrei ahalik eta modurik eraginkorrenean erantzun ahal izateko.

Uribe Kostako Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko EH Bilduk mankomunitatea bultzatzeko konpromisoa berresten du, bai eta hura txoko alderdikoi bihurtzeko trikimailu antidemokratikoak salatzen jarraitzekoa ere (ikus agerraldia).

 

SOPELAKO EH BILDUREN PROPOSAMENA

EH Bilduk Sopelako alderdiek Mankomunitateko informazio-batzordeetan izan beharreko ordezkaritzaren inguruan proposamena aurkeztu zion Sopelako Udalaren alkateari joan den irailaren 26an. Indar ezkertiar eta subiranotasunaren ustez, Sopelako alderdiek batzorde horietan dituzten partaidetzek ez dira hauteskunde emaitzen araberakoak izan orain arte eta egora hori irauli beharrean dela gaineratu dute EH Bildun.

Joan den legegintzaldian, Informazio Batzordeen osaketa asimetrikoa izan zen. Osaketa hori herrietako ordezkaritza politikoarekiko ez zen proportzionala. Zehazki, Sopelak Mankomunitateko 4 informazio batzordeetan (Jasangarritasuna, Ongizatea, Euskara eta Ogasuna) 3 ordezkari bana izanik (guztira, 12 kide), herriko indar politikoen ordezkaritza ez zen proportzionala eta beraz, ez zituen aniztasun poltikoa eta zilegitasun demokratikoaren printzipioak bermatzen: EAJ-ak 7 ordezkari, EH Bilduk 2, DB-TUk 2 eta PSE-ek 1.

Proposamen berri honen arabera, EAJ-ak 4 ordezkari, EH Bilduk beste 4, Elkarrekin Podemosek 2, DB-TUketa PSE-ek ordezkari bana izango lituzkete. Ordezkaritza orekatuagoa, zalantzarik gabe.