Pasaia

Antxon, elkarbizitza, elkartasuna eta segurtasuna

Pasaiako EH Bilduren zinegotziak Antxoko Zumardian.

Antxo,Segurtasuna | 2020-09-10 14:30:00

Kezkatuta gaude, oso.

Azken asteetan gure herrian eman diren jazarpen ezberdinek arduraz eta zentzuz jokatzen hasteko garaia dela garbi utzi dute. Urteak daramazkigu esaten Pasaia utzita dagoela, eta azken gertakariek indartu besterik ez dute egiten gure argudioa. Gure instituzioek kanpotik datozen aginduei erantzun besterik ez dute egiten, ez dute Pasaia euren politiken erdigunean jartzen.

Donostia eder eta turistikoan obra faraonikoak lehenesten dituzten bitartean inguruko herriak – periferia – suburbio bilakatzen ari dira. Geroz eta entzunagoa dugu “Pasaia ciudad sin ley” espresioa, eta horrek, larritu bezainbeste haserretzen gaitu. Herritarrak abandonatuta sentitzen dira, utzita.

Pasai Antxon azken asteetan eman diren jazarpenak harrera pisuek sortutako segurtasun faltan eta jatorri anitzeko gazteetan zentralizatu nahi izan dira, bide batez, ezkutuko arrazakeria ustela eta estigmatizazioa bultzatuz. Baina gure ustez, hori ez da arazoa; fokua era bat desitxuratu nahi izan dute. Lapurretan ibiltzen direnak ez dira hemen bizi, ibiltariak dira. Horregatik, guk argi utzi nahi dugu: Pasaiak, eta kasu honetan Antxok, duen gabezia harekiko dagoen utzikeria instituzionala da.

Antxo, eta oro har Pasaia, ez da bereziki arriskutsua. Ez ditugu lapurretak onartu eta normalizatu behar, jakina, eta kale seguruak eskatzea era bat zilegi eta beharrezkoa da. Baina era berean, ezin dugu inondik inora onartu lapurretei erantzun bortitzak ematea, gure arteko indarkeriarekin ez baikoaz inora. Elkarbizitza, aniztasuna eta mugimendu askatasuna aldarrikatu behar ditugu.

Gure ustez, aurrean dugun arazoak konponbide orokorra behar du, benetan jatorriari helduko diona. Horretarako:

  1. Ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta Udalaren arteko elkarlana, Antxok Donostiako “atzeko patioa” izateari utzi behar dio.
  2. Erabat kolapsatuta dauden gizarte zerbitzuak indartu behar dira eta gizarte laguntzaileekin gaia landu.
  3. Herriko puntu ilunak ezabatu behar dira, horretarako ezinbestekoa den topoaren lurperatzea bultzatuz.
  4. Gaia udaltzaingoarekin landu behar da, eta nola ez, droga ilegalen salmenta-erosketa eta kontsumoa modu kritikoan aztertu behar da.
  5. Auzoko merkataritza indartu behar da, auzo-herri bizia behar dugulako, arrazakeria kutsu txikiena zorrotz salatuko duen herri bizia.

Hitzetatik ekintzetara.

Hitzak hitz direla jakinik, Antxorekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. EH Bilduko kideok astebete daramagu barne-mailan gaia lantzen, aditu eta herritar ezberdinekin biltzen. Datozen egunotan, Auzo elkartearekin eta herriko gazteekin interlokuzio bideak irekitzeko ahalegina egingo dugu. Legealdi osoa daramagu Pasaia erdigunean jartzen, eta oraingo honetan ere horretan jarraituko dugu.

Instituzio nagusiek Pasaiarekiko eta Pasaiako Portuarekiko duten arduragabekeria salatzen du EH Bilduk

Artxibo irudia. Pasaiako EH Bilduko zinegotziak Pasai Antxo eta Buenavistako moilaren parean.

Pasaiako Portua,Portu Agintaritza | 2020-08-01 14:00:00

Azken asteetako dimisioek, Pasaiako Portu Agintaritzako presidente eta zuzendariarenak tarteko, agerian utzi dute beste behin instituzio horren noraeza eta bertan agintea duten Espainiar Estatuko Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeria.

Komunikabide salduenek ukatzen jarraitzen badute ere, Pasaiako Portuko datu ekonomikoek behera egiten jarraitzen dute eta Portuak badiaren inguruko herritarrekiko duen jarrerak ere okertzen jarraitzen du.

Karga eta deskargak beti bezala egiten jarraitzeaz gain, Pasaiako Udaleko alderdi guztien artean Portu Agintaritzari eta Eusko Jaurlaritzari eskatutako Antxoko neurgailuaren zain jarraitzen dugu.

Lonjaren atzerapena urtetan eta milioi eurotan kontatu dezakegu, atzerapen horren bertsio ofiziala “estolderiarekin lotutako arazotxo bat” izaten jarraitzen badu ere eta honen azpian egina dagoen parkinaren erabilera herritarrei ukatzen jarraitzen zaie. Zer esan zahar egoitza berriaz, zeinaren lehen harria oraindik ez den jarri, portuak La Herreran bertan pabeloi berriak bata bestearen atzetik eraikitzeko arazorik ez duen bitartean. Pasai Antxori urarekin lotura ukatzen zaion bitartean edota Udala epaitegietara eramaten duten bitartean Trintxerpeko alkate-ordetza edo merkatuaren eraikinengatik, horiek ere “Portuko lurrak baitira”.

Portu Agintaritza ez da ente abstrakto bat. Erakunde publiko bat da, maila guztietako instituzio publikoek osatzen dutena eta non aginte nagusia Espainiar Estatuko Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak duten. Bada garaia erakunde hauek Pasaiarengatik bustitzeko, bada garaia ente publiko gisa Portu Agintaritzak herritarrekiko errespetua eta bere jarduerekiko iraunkortasuna bultzatu ditzan. Hainbeste hamarkada eta gero pasaitarrok ez dugu gutxiago merezi.

ALBISTEAK

Instituzio nagusiek Pasaiarekiko eta Pasaiako Portuarekiko duten arduragabekeria salatzen du EH Bilduk

2020-08-01 14:00:00

Artxibo irudia. Pasaiako EH Bilduko zinegotziak Pasai Antxo eta Buenavistako moilaren parean.

2019-2020 ikasturte politikoaren balorazioa

2020-07-23 14:00:00

Pasaiako EH Bilduko zinegotziak San Pedroko Torreatzen (Argazkia: Elena Viñas).

EH Bilduk eskatuta batzorde berezia sortu da San Pedron eta Donibanen ematen ari diren zenbait egoerari irtenbidea emateko

2020-07-18 12:40:00

Torreatzeko trafiko ordenamendua zein Donibanen gertatzen ari diren hainbat egoera jorratuko ditu batzordeak.

Iritzi artikulua: "Erronka handia: merezi dugun herria, elkarren zaintza erdigunean"

2020-07-10 10:25:00

Xabier Alegria Loinazen iritzi artikulua, Pasaiako EH Bilduko zinegotzia.