AKTUALITATEA


| 2019-11-20 10:00:00

Iritsi da beste urte batez azaroaren 20a, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna, alegia. Honen harira, Pasaiako EH Bilduko kideok zorion hitzak besterik ez ditugu gure herriko haur zein nerabeentzat.

Zuen eskubideak aldarrikatzeko eguna da eta horregatik, kalera irtengo gara denak elkarrekin elkarlanean antolatu dituzuen ekintza guzti horietaz gozatzera.

Pasaian urteak daramatzagu haur eta nerabeen eskubideen aldarria ozen egiten, baina, azken urteetan zuek – haur eta nerabeak - izan zarete protagonistak. Aldarri honen erdigune bilakatu zarete eta sekulako lana egin duzue hau horrela izan dadin. Beraz, ZORIONAK!

Dena den, ezin dugu ahaztu “Eskubidean” herri-proiektuaren baitan lanean diharduen lantaldea, gure eta pasaitar guztien aitortza merezi dezue lantaldea. Hauentzat ere hitz politak besterik ez ditugu. Bertan, sailen arteko mahaian lan egiten duzuen teknikariak, hezkuntza-komunitateak, udaleko zerbitzuak, hezitzaileak eta oro har herriko eragileak zaudete, beti herria eta herri/irrigintzarekin konprometituak. Mila esker!

Gure aldetik, EH Bilduko kideok berriro ere “Eskubidean” planarekiko zein haur eta nerabeen eskubideen aldarriarekiko dugun konpromisoa azaldu nahi genuke. Gure esku dagoen guztia egingo dugu haur eta nerabeek benetako parte-hartzea izan dezaten udal politikan. Beste herritar oro bezain garrantzitsuak dira eta ondorioz, erabakitzeko eta euren eskubideak bermatzeko tresnak eta metodoak garatu behar ditugu udal ordezkari gisa.

Azkenik, lehen aipatu dugun ekintza mordo horretan parte-hartzera animatu nahi zaituztegu herritarrak. Haur eta nerabeen eskubideen aldarria denok egin behar dugulako.