AKTUALITATEA


| 2020-01-14 13:00:00

Guztion bizitza baldintzak hobetzeko, eta sistema neoliberalak ezarri nahi digun prekarizazioari aurre egiteko, azken urteotan denboran mantentzen ari deiren mobilizazio sozial handiak egiten ari dira Euskal Herrian: pentsiodunak, mugimendu feminista, gazte mugimendua, langile kolektibo desberdinak, Korrika, errefuxiatuen aldeko ekimenak, klima aldaketari aurre egiteko mobilizazioak eta abar.

Honekin lotuta, pentsio eta lan duina aldarrikatzeko, azken bi urteotan astero gure kaleak – Euskal Herrikoak zein Pasaiakoak - betetzen aritu diren pentsiodunen mobilizazio handi bat ekiteko deialdiari erantzunez, Karta Sozialak Greba Orokorrerako deia luzatu du 2020ko Urtarrilak 30erako.

Greba hau, bizitza duinaren aldeko borrokan dihardugun mugimendu desberdinek bat egiteko aukera berria da. Hala nola: pentsiodunak, feminismoa, euskal sindikatuak, ekologismoa eta abar. Horregatik, garrantzitsua deritzogu indarrak batzea eta denok elkarrekin planto egitea.

Grebak, hiru aldarri nagusi ditu: lan duina, pentsio duinak eta bizitza duina. Hiru aldarriek, beraz, bat egiten dute EH Bildun lehenetsiak ditugun lan ildoekin, eta gainera, gure ustez aldarrikapen hauek hiru modutara gauzatu ahalko dira: erabakitzeko eskubidea eskuratuz, instituzioetatik bestelako politika publikoak eginez eta patronala horretara behartuz. Laburbilduz: burujabetza eta udalgintza herrigilearen eraikuntza.

Ondorioz, aipatutako guztiagatik, Pasaiako EH Bildu osatzen dugun kideok bat egingo dugu Karta Sozialak egin duen greba deialdiarekin eta bide batez, gainontzeko pasaitarrei herrian sortu diren greba batzordeetan eta greba egunean bertan gauzatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egiten diegu.

MOZIOA