AKTUALITATEA


| 2020-03-06 10:30:00

Datorren astelehenean, hilaren 9a, Pasaiako EH Bilduko kideok azken asteetan landu dugun segurtasun planerako proposamena aurkeztuko dugu arratsaldeko 19:00etan Pasai Antxoko Kultur Etxean. Deialdia irekia izango da eta herritar zein eragile ororen parte-hartzea bermatu nahi dugu ahalik eta iritzi eta proposamen gehien jaso ahal izateko. Bertan jasotzen ditugun proposamenak, gure planteamenduan txertatu eta Bozeramaile Batzordeari aurkeztuko dizkiogu.

Pasaiako EH Bilduk landu duen proposamena transbertsala eta errealitateari egokitutakoa da.

Pasaiako EH Bilduk landu duen proposamena transbertsala eta errealitateari egokitutakoa da, segurtasunak hainbat herritar kezkatzen dituela aitorturik, bizitza duinaren bidean beldurrak uxatzea beharrezkoa dela uste dugulako. Gai honetan eragiteko populismotik ihes egin eta jarrera sendo eta integrala erakutsi behar dela argi dugu, izan ere, delinkuentzia eta segurtasun faltaren arazoak beste arazo sakon batzuen sintoma besterik ez baitira. Hori dela eta, erabat beharrezkoak diren eta segurtasunarekin zuzenean loturiko hainbat neurrirekin batera, ezinbestekoa da modu zabal eta sakonago batean gaiari heltzea eta arazoaren konponbidearen errezetan, besteak beste, hezkuntza-, gizarte-, kultura-, kirola-, eta hirigintza-politika publikoak ere txertatzea. Azken batean gizarte kohesioari loturiko gaia baita.

Honekin lotuta, landu dugun proposamenak sei lan ildo barnebiltzen ditu, eta Pasaiako Udaltzaingoaren berregituratzeaz eta eredu aldaketaz haratago, bizikidetza, integrazioa, hiritartasuna eta espazioko esku-hartzea bezalako gaiak jorratzen ditu.

Udal Gobernuak nahiko axaleko erantzuna eman duela uste dugu. Horregatik, Pasaiako lehen indar gisa lekukoa hartu eta lanean jarri gara.

Dagoeneko Laurak Bat, ELA, LAB eta Pasaiako Udaltzaingoarekin bildu gara gure proposamena aurkezteko, eta orain, herritarrekin biltzeko txanda da. PSE eta EAJ-k osatutako Udal Gobernuak nahiko axaleko erantzuna eman duela uste dugu, polizia-erantzuna handitzea, bideo-kamerak jartzeko proiektua abian jartzea eta argiteria hobetzea ez baitzaizkigu iruditzen arazo honi eman dakizkiokeen irtenbiderik onena. Horregatik, Pasaiako lehen indar gisa lekukoa hartu eta lanean jarri gara.