AKTUALITATEA


| 2020-06-04 13:19:00

Konfinamenduaren lasaitzearekin batera, kalera irteteko eta azken hilabeteetan egin ezin izan ditugun ekintzak egiteko gogotsu gaude denok. Baina, ezin dugu ahaztu oraindik ere Covid-19 gaitza gure artean dagoela. Inoiz baino garrantzitsuagoa da prebentziorako ezartzen diren neurri eta arauak errespetatzea, batez ere, hauei esker eta elkarri zainduz lortuko dugulako gaitzari aurre egitea eta elkarbizitzan sakontzea.

Neurri horien artean, auto babesa eta distantzia soziala mantentzea ditugu garrantzitsuenak eta, jakina denez, badira gure herrian zenbait gune berezi non distantziak mantentzea zaila egiten zaigun.

Gune hauek Pasai Donibaneko kale zaharra eta Puntetako pasealekua eta San Pedroko Puntetako pasealekua dira. Hauek duten bereiztasunagatik – kale bakarra – arreta handiagoa jarri behar dugu, eta batez ere, ezarri diren edota ezarriko diren arau berriak errespetatu behar ditugu.

Honekin batera, gogorarazi nahi genuke udal ordenantzek indarrean jarraitzen dutela eta aipatutako bi gune horietan trafiko ordenantza berezia dagoela. Kotxe eta motorrek ezin dute nolanahi gora eta behera ibili eta bertara sartu ahal izateko baldintza bereziak bete behar dira. Beraz, arren eskatzen dugu arauak errespetatu daitezela eta elkarri zaintzeko neurriak errespetatu ditzagula.

Era berean, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure bazterrak zaindu eta herria garbi mantentzea, horregatik, lerro hauetatik dei egin nahi diogu herritik dabilen pertsona orori zaborra dagokion edukiontzietan sar dezan, baita zakurren jabeei hauen eskrementuak jaso ditzaten. Herria garbi mantentzea denon ardura da.

Azkenik, Arrokandieta bisitatu nahi duen orori zentzuz joka dezan eskatu nahi diogu. Ezin dira inolaz ere joan den asteburuko irudiak errepikatu – kotxe pilaketak, talde handiak barbakoa eta mahaietan… –  eta horregatik arduraz jokatu eta elkarri zaintzeko deia egin nahi dugu.

Amaitzeko, azken eskaria Pasaiako Udalari egin nahi diogu. Udalaren zeregina da kontrol neurriak ezartzea, elkarbizitza errazteko, eta batez ere, herritarrak babesteko. Beraz, zenbait neurri hartzen ari diren arren, agerikoa da hauek ez direla nahikoak eta gehiago hartu behar direla.

Gure aldetik, Pasaiako EH Bilduko kideok Pasaiako Udalean babes komunitarioarekin eta herritar ororen auto babesarekin zerikusia duten proposamenak egiten jarraituko dugu. Zaindu gaitezen.