AKTUALITATEA


| 2020-01-07 13:00:00

Jorge Aguayo (PSE-EE): “elkarteek ez dute nahikoa eskaera egiten eta ondorioz dirua sobratu egiten da”.

Pasa den abenduaren 12an jakin zuen Pasaiako EH Bilduk herriko elkarteei ematen zaien diru-laguntza lerroan 15.000€ inguru banatu gabe geldituko direla. Jorge Aguayo (PSE-EE) kultura zinegotziaren arabera “elkarteek ez dute nahikoa eskaera egiten eta ondorioz dirua sobratu egiten da”.

2020 urtean 10.000€  murriztuko da kultur elkarteek jasotzen dituzten diru-laguntzen partida.

Aurrekontuak onartu baino lehen, gainera, partida honetan PSE-EE eta EAJ/PNVk – Podemosen babesarekin – 2020 urtean egingo duten 10.000€-ko murrizketa ezagutu eta salatu genuen, eta orain, murrizketaz gain dirua banatu gabe gelditzen dela jakin ahal izan dugu.

Pasaiako EH Bildutik gertatutakoa gogor salatu nahi dugu. Ez gaude ados kultura zinegotziak egin zituen deklarazioekin eta are gutxiago gaia lantzeko moduarekin. Diru-laguntza lerro hori beste era batera kudeatu zitekeela argi dugu eta hala adierazi genuen batzordean bertan.

Aguayok entzungor egin die EH Bilduren eskakizunei.

Diru-laguntzak berriro ere banatzeko berandu zela ulertuta, EH Bilduk banatu gabe gelditu den diru hori kulturako beste esparruren batean erabiltzeko eskakizuna egin zuen, kultur azpiegiturak txukuntzeko adibidez, eta Aguayok entzungor besterik ez dio egin eskakizunari. Beraz, aurretik aipatutako diru hori soberakin gisa geldituko da. Ez da kulturan erabiliko.

Gertakizun hau Pasaiako Udalak duen kudeaketa ezaren beste adibide bat besterik ez da. Kasu honetan, Pasaiako kultur elkarteen aurkako eraso argia, gure ustez.