AKTUALITATEA


| 2020-08-01 14:00:00

Azken asteetako dimisioek, Pasaiako Portu Agintaritzako presidente eta zuzendariarenak tarteko, agerian utzi dute beste behin instituzio horren noraeza eta bertan agintea duten Espainiar Estatuko Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeria.

Komunikabide salduenek ukatzen jarraitzen badute ere, Pasaiako Portuko datu ekonomikoek behera egiten jarraitzen dute eta Portuak badiaren inguruko herritarrekiko duen jarrerak ere okertzen jarraitzen du.

Karga eta deskargak beti bezala egiten jarraitzeaz gain, Pasaiako Udaleko alderdi guztien artean Portu Agintaritzari eta Eusko Jaurlaritzari eskatutako Antxoko neurgailuaren zain jarraitzen dugu.

Lonjaren atzerapena urtetan eta milioi eurotan kontatu dezakegu, atzerapen horren bertsio ofiziala “estolderiarekin lotutako arazotxo bat” izaten jarraitzen badu ere eta honen azpian egina dagoen parkinaren erabilera herritarrei ukatzen jarraitzen zaie. Zer esan zahar egoitza berriaz, zeinaren lehen harria oraindik ez den jarri, portuak La Herreran bertan pabeloi berriak bata bestearen atzetik eraikitzeko arazorik ez duen bitartean. Pasai Antxori urarekin lotura ukatzen zaion bitartean edota Udala epaitegietara eramaten duten bitartean Trintxerpeko alkate-ordetza edo merkatuaren eraikinengatik, horiek ere “Portuko lurrak baitira”.

Portu Agintaritza ez da ente abstrakto bat. Erakunde publiko bat da, maila guztietako instituzio publikoek osatzen dutena eta non aginte nagusia Espainiar Estatuko Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak duten. Bada garaia erakunde hauek Pasaiarengatik bustitzeko, bada garaia ente publiko gisa Portu Agintaritzak herritarrekiko errespetua eta bere jarduerekiko iraunkortasuna bultzatu ditzan. Hainbeste hamarkada eta gero pasaitarrok ez dugu gutxiago merezi.