AKTUALITATEA


| 2026-06-12 09:06:00

Aurten bi urteurren esanguratsu gogoratzen dira: alde batetik, 1876ko uztailaren 21ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak indargabetu zituen legearen 150. urteurrena; bestetik, 1976an Bergaran sortutako Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena.

Testuinguru horretan, Orozkoko Udalak adierazi du euskal lurraldeek historikoki izan dituzten eskubide politiko eta instituzionalak ez zirela borondate demokratikoaren bidez desagertu. Udalaren arabera, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako eskubide historikoen abolizioa Frantziako Iraultzaren garaian gertatu zen, eta ondoren Nafarroan zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan izandako foru-erregimenaren murrizketa eta abolizio prozesuek euskal lurraldeen autogobernua eta burujabetza instituzionala ahuldu zituzten.

Orozkoko Udalak berretsi du, halaber, Euskal Herriko herritarrek dutela beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea, eta herri-borondate demokratikoa dela edozein estatus politiko edo instituzionalen oinarri nagusia.

Era berean, udalbatzak aldarrikatu du beharrezkoa dela autogobernuan eta foru-integrazioan urrats berriak egitea, eskubide historikoak gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokituz.

Mozioaren bidez, Orozkoko Udalak aitortu du udalerriek funtsezko eginkizuna izan dutela Euskal Herriaren historian, bereziki foru tradizioaren, udal demokraziaren eta herri ordezkaritzaren garapenean. Ildo horretan, etorkizunean ere erakunde demokratikoen eta bereziki udal erakundeen zeregina indartzeko konpromisoa hartu du.

Azkenik, Orozkoko Udalbatzak bat egin du 2026ko uztailaren 19an Bergaran egingo den ekitaldi politiko-instituzionalaren helburuekin. Ekitaldiak Alkateen Mugimenduaren ekarpena gogoratzea, 1976ko udal ordezkariei aitortza egitea eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko konpromisoa berritzea izango ditu xede.