AKTUALITATEA


| 2026-01-19 11:32:00

2023an abiatutako agintaldiko Orozkoko azken bi udal aurrekontuak aho batez onartu ostean, pasa den abenduaren 4an egindako udal osoko bilkuran, 2026ko udal aurrekontuak EAJren aldeko botoekin bakarrik onartu dira. EH Bilduko Udal Talde Politikoak EAJren aurrekontu proposamena babestu ez eta abstentziora jo ostean.

Talde independentistak udal aurrekontuak eztabaidatzeko deitutako ez-ohiko plenoan azaldu duenez, EH Bilduk eta EAJren Udal Gobernu Taldearen artean adostutako proiektuen betetze maila eskasa da, eta, horregatik, ez dute baiezko botorik eman. Zehatzagora joanda, EH Bilduk agintaldia hasi denetik aurkeztu dituen 28 proposamenetatik 5 baino ez dira martxan jarri. Hori dela eta, ez dituzte 2026rako proposamenik aurkeztu, eta, zentzu horretan, EH Bilduren ustez, mahai gainean jarriak daude jada Orozkok dituen behar eta erronkei erantzuteko proposamenak. Besteak beste, trantsizio ekosozialean aurrera egin, lehen sektorearen etorkizuna bermatu, kale seguru eta bizigarriagoak lortu, politika feministetan sakondu, tokiko merkataritza sustatu, etxebizitzaren problematikari heldu edota mugikortasuna hobetzeko ekintzak aurkeztu dira.

EH Bilduk gogorarazi du EAJren Udal Gobernuaren esku dagoela martxan jarri gabe dauden proposamenak aurrera eramatea. Honen aurrean, jarraipenerako mekanismoak aktibatu eta horretarako Tokiko Gobernu Batzordea baliatzea adostu da. Aurrera eraman ez diren arren, aurkeztutako proposamenek ez dute EAJren ezezko erantzunik jaso, eta horrek adostasun maila zabala dagoela erakusten du. Horri lotuta, Orozkoren alde lan egiteko eta elkarlanean aritzeko konpromisoan berretsi da talde independetista.