AKTUALITATEA


| 2021-04-13 10:24:00

Azken asteetan 209 kaleratze eman dira Aiaraldean.

2021eko martxoaren 30an, Valvospain enpresaren itxieraren ondorioz 80 langile kaleratuak izan dira. Eta Tubacexeko zuzendaritzak martxoaren 18an jakinarazi zuen 129 lanpostu suntsitzeko amoa.

Bi iragarkiak kolpe latza dira Orozkoko eta eskualde osoko industria-ehunarentzat eta enpleguarentzat, enplegu asko galdu direlako eta jarduera murriztu delako eskualdeko bi ekoizpen-zentrotan.

Orozkoko Udaleko EAJ-PNV eta EH Bilduko udal taldeek adierazpen politiko honen bidez, bere kezka adierazten dute bi erabakien aurrean, eta, aldi berean, bere esku dauden xedapen guztiak emateko borondatea adierazten dute, enpresek iragarritako neurriak gauza ez daitezen.

1. Orozkoko Udaleko EAJ-PNV eta EH Bildu udal talde politikoek Valvospain enpresako langileei eta kaltetutako familiei elkartasuna adierazten diete.

2. Orozkoko Udaleko EAJ-PNV eta EH Bildu udal talde politikoek elkartasuna adierazten diete Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietako langileei eta eragindako familiei, eta enpresa animatzen dute enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera uztera, Amurrioko eta Laudioko lantegietan enpleguari eustea bermatuko duen akordio bat har dadin.

3. Orozkoko Udaleko EAJ-PNV eta EH Bildu udal talde politikoek enpleguaren suntsipenagatik kezka adierazten dute, eta enpresa estrategikoen jarduera galtzea deitoratzen dute, enpresa horiek funtsezko eragileak baitira eskualde osoko industria-garapenean. Horregatik, Tubacex Laudioko eta Amurrioko traktore sozioekonomikoa izaten jarrai dezan laguntzeko prest agertzen dira, baita egoera iraultzeko eta eskualde osoan ohiko jarduera, enplegu eta kalitatezko lan-baldintzen ratioak ahalik eta lasterren berreskuratu ahal izateko lan egiteko ere.

4. Orozkoko Udaleko EAJ-PNV eta EH Bildu udal talde politikoek kalitatezko enplegua defendatzeko eta, Orozkon zein Aiaraldean etorkizuneko industria-proiektu bati eusteko konpromisoa berresten dute. Era berean, Arabako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatzen diote modu proaktiboan joka dezatela industria-jarduerari eustearen alde eta kalitatezko enpleguaren alde gure sare ekonomikoan eta, bereziki, lurralderako proiektu estrategikoetan.

5. Orozkoko Udaleko EAJ-PNV eta EH Bildu udal talde politikoek Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrari eskatzen diote bizkortu ditzala Aiaraldeko Gizarte eta Ekonomia Suspertzeko Lantaldearen lanak, ahal den neurrian, ahalik eta lasterren aktibatzeko eskualdearen egoera larriagotzeari aurre egiteko behar diren neurriak.

6. Orozkoko Udaleko EAJ-PNV eta EH Bildu udal talde politikoek Tubacex enpresako zuzendaritzari eskatzen diote, enpresa-batzordearekin batera beharrezko ahaleginak egin ditzaten eta hartutako erabakiak atzera botatzeko aukera egoki guztiak berrazter daitezen.

7. Orozkoko Udaleko EAJ-PNV eta EH Bildu udal talde politikoek gogoeta bat iradokitzen diete aipatutako enpresen egungo egoerari buruzko erabakiak hartzen dituzten pertsona guztiei, eta beren enpresetan egungo egoerari irtenbidea emateko gauzatzen ari diren kudeaketa-estrategiak baloratu ditzaten, kaltetuenak langileak izan gabe eta zeharka horrelako erabaki batek eskualdean duen irismen osoa kontuan hartuta.

8. Era berean, Orozkoko herritarrei dei egiten diete gure eskualdeko enpleguaren aldeko ekimenak eta mobilizazioak babestera.