Herriko plazaren inguruaren oinezkotzea edo oinezkoena egitea, azken urteetako orozkoarren eskaera bat izan da, pibote bat jarri zen Oderiaga kalean, baina, plazaren inguruko peatonalizazioa ez da aurrera eraman. Herriko erdigunean oinezkoei lehentasuna ematea eta kotxez hustea garrantzitsua da.
Matarteko bidea edo kolesteroleko bidea herritar askok paseatzeko edota kirola egiteko erabiltzen duten ibilbidea da. Bide honen zati handi bat ilunpean geratzen da gaua iristen denean, eta, ondorioz, gune ez seguru bilakatzen da. Pasa den legegintzaldian EH Bildu Orozko Udal Talde Politikotik behin baino gehiagotan aurkeztu genuen Matarteko bide honetan farolak, atsedena hartzeko guneak eta paperontziak jartzeko eskaera. Eta herritarrek aspalditik eta askotan Udalari egin dioten aldarrikapena da hauxe bera. Gauez bidea modu seguruan egin ahal izateko ez ezik, egunean zehar ordu gehiagoz ibilbide hau erabilgarri jartzeak osasuna sustatzeko neurria ere bada.
Hegoalde-Matarteko sarrerako biribilguneko bide-segurtasuna hobetzeko beharra dagoela jakinarazi dute hainbat herritarrek. Izan ere, Ibarra inguruko auzoetatik Zubiaurrerako noranzkoan jaisten diren eta birbilgunetik irtetzen diren autoek zailtasunak dituzte zebrabidetik oinezkoren bat igarotzen ari den ikusteko. Honek, arrisku egoerak sortzen ditu Matarteko bidea egiten duten eta inguruko auzoetan bizi diren auzokideentzako, jakina delako bide eta zebrabide hori asko erabiltzen dela.
Hau guztia kontuan hartuta eta Udaletik oinezkoen mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko hainbat ekintza martxan jartzeko aukerak daudela ikusita, EH Bildu Orozko Udal Talde Politikoak honako proposamen hauek aurkeztu ditu Orozkoko Udalean:
Herriko plaza inguruetako oinezkotzeari bide ematea, Oderiaga kalea eta Orozko-Areatza errepidearen plazaren zatia oinezkoentzat egitea.
Udalak azkenaldian kaleko argiteriaren egoeraren azterlanaren baitan, Matarteko bidea ere aztertzea.
Matarteko bidearen hasiera eta amaiera lotzen dituen Olabarritik Berazarainoko Muguru auzoko bidea argiztatzea.
Trafiko askodun eta oinezkoen lehentasunezko bideak eta zebrabideak identifikatu eta segurtasun arazoak dauden aztertzea.
Goraguneak jartzea trafiko asko duten eta oinezkoek maiz erabiltzen duten zebrabideetan.
Argi seinaleak jartzea identifikatutako zebrabideetako pintura-bandetan, edota alboko trafiko seinaleetan argi-seinaleak instalatzea espaloian edo zebrabidean mugimendua detektatzean.