Herritarrak Udaleko bilkuretara bertaratu ahal izateko aspaldi erabaki zen udalbatzak arratsaldeko 19:00etan deitzea, baina batzordeak goizean edo eguerdian egiten dira eta horrek, EH Bilduren ustez, orozkoarren parte-hartzea oztopatzen du, eta ondorioz, batzordeak ez daude orozkoarren ahalmen, disponibilitate eta errealitatera egokituak.
Orozkoarren parte-hartzea sustatzeko, batzorde informatiboak arratsaldez deitzea, deialdiak udal webgune, sare sozial eta udal aldizkariaren bitartez helaraztea eta aldaketa hau arautzeko, aurretik aipatutako neurriak, Hiritarren Partaidetza Sustatzeko Udal Ordenantzan jasotzea proposatu du EH Bilduk.
Udal Talde Politikoko kideek gaineratu dutenez, batzorde informatiboak herritarrei udal gaien berri emateko espazioak dira baina orozkoarren parte-hartzerik gabe ezinezkoa izaten ari da inor informatzea. Horrez gain, herritarren iritzi, kezka, eskaera edo proposamenak entzun eta kontuan hartzeko aukerak ematea beharrezkoa dela uste du EH Bildu Orozkok.