AKTUALITATEA


| 2024-06-25 12:19:00

Orozkoko Udaletik, Ekainaren 28an, LGBTI+ kolektiboaren, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aniztasunetik, eskubide eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu, eta kolektibo honen eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatzen ditugu. Halaber, egun hau ez da ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogorarazteko ere bada.

Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakera ezberdinek zein manipulazioak, eskuin muturreko diskurtso intoleranteek eta gorroto jarrerek zisheteroarautik kanpo kokatzen diren bizitzak ezabatu nahi dituzten honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen gogora ekartzea, ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dugu. Eraso LGBTI+fobikoen salaketen datuak esponentzialki egin dute gora azken urteetan, LGBTI+ pertsonen inbizibilizazio eta bazterketak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude.

Orozkoko Udaletik, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde ahaleginak batu dituzten pertsona eta erakunde guztiei. Bere dedikazioari, konpromisoari eta ausardiari esker, gaur lorpen garrantzitsuak ospa ditzazkegu giza eskubideen eta eskubide sozialen arloan. Pertsona horiek, beren eguneroko lanarekin, funtsezko zutabea izaten jarraitzen dute gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko, eta ingurune inklusiboagoa eta errespetuzkoagoa sortzen laguntzen dute.

Hala ere, pertsona guztien berdintasunean aurrerapen ukaezinak egin diren arren, oraindik diskurtso LGBTI+ fobikoen albiste kezkagarriak iristen dira, lortutako lorpenetan atzerakada bat dakartenak. Diskurtso horiek, gehienetan ezjakintasunetik eta gorrototik eratorriak, lortutako aurrerapenak desagerraraztea eta diskriminazioa iraunaraztea bilatzen dute. Beraz, funtsezkoa da gizarte gisa erne eta tinko egotea eskuratutako eskubideen defentsaren alde; hala, sexu- eta genero-aniztasunarekiko duintasuna eta errespetua kaltetzeko edozein ahalegin baztertuko dugu.

Sexu- eta genero-aniztasunaren ikusgarritasunak gizarte gisa aurrera egiteko aukera ematen digu. Aniztasun hori aitortzea eta ospatzea, justizia-ekintza izateaz gain, komunitate gisa aberasteko aukera ere bada. Ez dugu inolako atzerapausorik onartuko kolektibo osoko ehunka lagunen ahaleginari esker lortutako eskubideetan. Irabazitako eskubide bakoitza gizarte bidezkoago eta gizatiarrago baterako urratsa da.

Horregatik guztiagatik, ekainaren 28ak are garrantzi handiagoa hartu du. Orozkoko Udaletik, herritarrak ekintzetan parte hartzera animatzen jarraitzen dugu, gorroto-diskurtsoak eta giza eskubideen urraketak irmo salatzeko. Funtsezkoa da guztiok injustiziaren aurka ozen mintzatzea, eta elkarrekin lan egitea diskriminazio mota oro desagerrarazteko. Ekintza kolektiboaren bidez bakarrik lortu dezakegu benetako aldaketa iraunkorra.

Badakigu sexu- eta genero-aniztasunaren onarpen soziala gero eta handiagoa dela, neurri batean euskal gizarte osoaren elkarlanari esker. Lan hori funtsezkoa izan da armairurik gabe, loturarik gabe, aurreiritzirik gabe eta estigmarik gabe bizi ahal izateko, eta komunitatea eraikitzeko. Babes- keinu bakoitzak, ikusarazte-ekintza bakoitzak, mugimendu hori indartzen eta aurrera jarraitzeko gure erabakia berresten laguntzen du.

Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… ezartzea ezinbestekoa dugu. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da. Horretan ari gara eta hori sustatzen jarraituko dugu, askoren artean eta elkarlanean.

Horregatik guztiagatik Orozkoko Udalean konpromisoa hartzen dugu, gure herriko LGBTI+ pertsonen bizitzen inguruan martxan dagoen diagnostikoarekin aurrera egiten jarraitu, eta honetan oinarritutako ekintza plan integralak abiatzeko. Prozesu hauek, herriko LGBTI+ herritarrekin batera egiteko konpromisoa hartzen dugu eta erreferente eta norbanako ezberdinak aktibatzeko moduak sustatuko ditugu.

Horrenbestez, Orozkoko Udaletik, sentsibilizazio eta aldarrikapen-ekitaldiekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu, leihoetatik eta balkoietatik kolore anitzeko banderak zintzilikatuz. Keinu txiki baina esanguratsu hori elkartasunaren eta babesaren erakusgarri da, eta agerian uzten du ekainaren 28a aniztasunaren aldeko borroka eguna dela. Astintzen dagoen bandera bakoitza erresistentziaren eta itxaropenaren sinboloa da, atzera egiteko prest ez gaudela dioen adierazpena, hain zuzen.

Honetaz gain, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGBTI+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu LGBTI+ eskubideen aldeko borroka guztion borroka dela. Ezin dugu onartu gorrotoa eta intolerantzia nagusitzea. Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi ahal izango garen etorkizun bat eraikitzeko.