AKTUALITATEA


| 2020-06-13 18:58:00

 

Birusak adinekoen egoitzetan sortu duen egoera larriak, eta osasun eta lan mailan pandemiaren ondoren sortzen ari diren doluzko egoerek agerian utzi digute pertsona, osasuna eta bizitza duina erdigunean jarri behar ditugula. ‘Normaltasun berria’ deiturikoa 'normaltasun zaharraren' zantzuak hartuz doa eta horrekin errezeta zaharrak azaleratzen dira. Horri guztiari buruz hitz egin dugu Ander Rodriguez EH bilduko legebiltzarkidearekin.

 

Hilabeteak daramatzagu pertsona, osasuna eta bizitza duina erdigunean egon behar direla aldarrikatzen. Zerbait ikasi dugu oraingoan?

Zaila da aurreratzea etorkizun hurbilak ekarriko diguna, guztion artean eraiki beharko dugun arren. Egia da Covid-19ko krisiak zaintza-krisia bezala ikusaraztea eragin duela, eta horren gainean ohartarazi izan da azken urteotan. Hala ere, gaur egun, balkoietatik egindako txaloek – bizitza zaintzen zutenei errekonozimendu kolektiboa emateko modu horrek – ez dute isla instituzionalik izan, salbuespen batzuk izan ezik. Gure gizartean garrantzi gutxien duten lanak ezinbestekotzat jo dira; pertzepzio hori, hein handi batean, aldatu egin da Covid-19aren krisian. Gainera, lan eta soldata baldintza txarrenak dituzten lanak ere badira; errealitate hori aldatzea erabaki politiko jakin batzuk hartzearen araberakoa da. Txaloak instituzionalizatzeko gai izan behar dugu.

 

Pandemiaren lehen fokua estatistika suntsitzailea uzten ari da adinekoen egoitzen sektorean: 167 hildako Covid-19 birusarekin, eta birusaren ondorioz hil izanaren dozenaka susmagarri gehiago, Gipuzkoan – GFAren datuak –, eta 1.000 baino gehiago, EAEn (hildakoen % 40).

Zalantzarik gabe, gaur egun ditugun datuekin esan dezakegu adinekoen egoitzetako heriotza-tasa hirukoiztu egin dela. Beste geografietan, hemen zorionez gertatu ez diren gertaera benetan danteskoak izan ditugu. Hori bai, Gipuzkoan dauden egoitzetako langile batzuk zabor poltsa batekin nola babestu behar ziren ikustea irudi lazgarria izan da, eta hori errepikatzea eragotzi behar dugu. Badakigu merkatuan zailtasun handiak egon zirela babes-ekipoak eskuratzeko, baina horregatik are ulergaitzagoa da Eusko Jaurlaritzak krisiaren lehen egunetan adieraztea bitartekaritza-lanak egiten ari zela ekipo horiek enpresa batera edo bestera irits zitezen, produkzioa manten zezaten, egoitza askok ez zituzten bitartean.

 

‘Normaltasun berria’ deritzona iristen ari da, eta egoera mingarriak sortzen ari dira: ikastetxeetako prekarietatea, langileen birkokapenak, kaleratzeak …

Arazoa da 'normaltasun berri' horrek 'normaltasun zaharraren' antz handiegia duela. Komeni da gogora ekartzea zer gertatu zen Gipuzkoako egoitzetan krisiaren hasieran. Langileek, egoeraren larritasunaz jabetuta, haien hitzarmen kolektiboaren defentsan indarrean zuten 243 eguneko greba utzi egin zuten, beren lanpostura itzultzeko, beren bizitzak arriskuan jarriz, beste bizitza batzuk zaintzeko. Eta zalantza izpirik gabe egin zuten, jasaten ari ziren soldaten izozketa urteekin amaitzeko inork aurrez konpromisorik txikiena ere hartu gabe. Horregatik, eta askoz gehiagorengatik, guztiz ulerkaitza iruditzen zait Gipuzkoako ahaldun nagusiak haiei eta haien ordezkariei esatea ez zutela parte hartu "adinekoen osasuna zaintzeko ahalegin kolektiboan", edo paralelismo bat ezartzea erabiltzaileen artean 167 bizitza galarazi dituen gaixotasun baten eta emakumeak babesteko ekipamenduak bermatu daitezen borrokan ari diren sindikatuen ekintzen artean.  

 

Nola eragin du egoera horretan Eusko Jaurlaritzak iazko uztailean hasitako erregularizazio proiektuak?

Inola ere ez, eta honekin dena esan dut. 20 urteko itxaronaldiaren ondoren, iazko uztailean Eusko Jaurlaritzak erregulazio berria onartu zuen titulartasun publikoko eta pribatuko adinekoen egoitzetarako. Euskal Autonomia Erkidegoko 18.500 pertsonen zaintza halako emaitzarekin artatzea ez zen oso eraikitzailea izan: funtzionatzen ari ziren zentroek ez zuten ia inolako aldaketarik egin behar, eta erabiltzaile batzuek jasotzen zuten zuzeneko arreta murriztu egiten zen. Araudi berriak alor guztietatik kritikak jaso zituen: langileak, erabiltzaileen senideak, hirugarren sektore sozialeko erakundeak, Arartekoa, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea, baita Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak ere. Are gehiago, Eusko Legebiltzarrak, Euskal Herria Bilduren ekimenez, urrian atzera bota zuen erregulazio berria, eta berehala berrikusteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Inoiz egin ez zen berrikuspena.

Hala ere, orain iraganaz hitz egiteak ez digu ezertarako balio. Ezin ditugu erabaki horiek aldatu, ezta haien ondorioak ere. Bakoitzak autokritika egokia egin beharko du esandakoari eta egindakoari buruz. Ni etorkizunak kezkatzen nau. Eta asko kezkatzen nau, gaur-gaurkoz, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak egoitzetan gertatutakoa erlatibizatu eta ezer aldatu behar ez dela defendatzen jarraitzeak. Bitxia da nola konponbidearen parte izan behar duena arazoaren parte bihurtzen den.

 

Titulartasun publikoko zerbitzuak izan arren, sektore pribatua bete-betean sartu da egoitzetan. Nola uzten du hau publikoak?

Honako galdera hauek egin beharko genizkioke geure buruari: irabazpide-asmoaren eta pertsonen zaintza onaren arteko oreka lor daiteke? Zer gertatzen da zerbitzuaren helburua eta zerbitzuaren kudeatzailearen helburua desberdinak direnean? Zer nagusitzen da zeren gainetik? Oso kezkagarria da arduradun politiko bati edo besteari entzutea pertsonen zaintza ez dela eskubide bat, baizik eta "Silver economy" edo "negozio-aukera bat". Ez da nobedadea, noski. Urtetan hartutako erabaki politikoak dira. Hala, ikusten dugu nola arrisku-kapitaleko funtsek egoitzak erosten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoan. Bateragarri al dira haien interesak zerbitzu horien azken helburuarekin? Erantzuna ezezkoa da. Baieztapen horren aurrean, askotan, modu tranpati eta koldar batean erantzuten dizute: "Zer duzue hirugarren sektorearen aurka?" Ez, arrisku-kapitaleko funtsak ez dira hirugarren sektorea. Gure herrialdeko hirugarren sektore soziala ekimen herritarra eta irabazi-asmorik gabekoa da, eta askotan erakutsi du interes- eta arrakasta-formulak egon daitezkeela zerbitzu baten zuzeneko kudeaketatik kanpo. Zaintzak merkaturatzeko muturreko moduak legitimatzeko bere izen ona erabiltzea oso zintzotasun gutxikoa iruditzen zait.

 

Zer neurri planteatzen ditugu EH Bildutik sektorean pandemiak eragin dituen ondorioei aurre egiteko?

Bi denboratan jardutea proposatzen dugu. Lehenik eta behin, epe laburrean, adinekoentzako egoitza-zentroek, udazkenean, balizko Covid-19ko bigarren ziklo bati berme handiagoz aurre egin diezaioten. Hala, premiazko inbertsio-plan bat planteatzen dugu, 300 egoitza-zentro baino gehiago fisikoki egokitzeko: banakako gelen kopurua handitzea, banaketa modularra, eta, paraleloan, sarearen estaldurari eustea bermatzea, plaza berriak irekiz. Zuzeneko arretako langileen ratioak handitzea; horrela, profesionalen txandakatzea murriztu ahal izango dugu. Gainera, titulartasun pribatuko zentroetan esku hartzeko euskal administrazioek une honetan duten eskumena atxiki behar dugu. Bigarrenik, epe ertainera, adinekoentzako gure egoitza-zentroen errealitatea aldatu nahi dugu. Aurrekaririk gabeko baliabide publikoen mobilizazioaren bidez, iraupen luzeko zainketen gure eredua aldatzea proposatzen dugu. Adinekoek, gutxienez, bi orduko arreta zuzena jasoko dute egunean, adineko pertsonei bizitza osoa bermatzeko antolatuko diren baliabide batzuetan.

Zaintzen dutenen errealitatea ere eraldatu nahi dugu. Proposatzen dugu erakundeen arteko funts bat sortzea, lehenik eta behin, 1.500 euroko aparteko soldata ordainduko diena egoitza-zentroetako langile guztiei, eta, bigarrenik, pertsonen zaintzaren sektoreko lan-baldintzak hobetzea finantzatuko duena.