AKTUALITATEA


| 2020-05-10 11:11:00

 

Telelanerako, telehezkuntzarako, eta zenbaitentzat telepolitikarako egunak ere bizi
ditugu


PNV telepolitikan ari da, herritarren beharretatik urruti, eta urrutira begira dagoelako.
Ordiziarrengandik urruti. Gure azokaren eta baserritarren kontra bere alderdiaren esku
dauden erakundeetatik etorri diren erabakien aurrean zer egin du Ordiziako PNVk?
Gipuzkoa osoko egoera larriena bizi izan duen San Jose Egoitzako egoera eta babeserako
materialaren eskasiaren aurrean zer egin du Ordiziako PNVk bere alderdiaren esku dauden
Kabia eta Foru Aldundiaren aurrean?

Ez diegu proposamen edo ekimen bakarra ere entzun.

Urruti, Madrilen. Zergatik egiten du politika Madrilen, Euskal Herrian egin gabe hemengo
eragileekin?...

Urruti, udalean bozeramaileen batzordean inolako neurririk aurkeztu ez, eta biharamunean
komunikabideetan azalduz, zer eta Errenteriako proposamena kopiatzen.

Egin duen gauza bakarra izan da Errenteriako ideiak, kontzeptuak, partidak, taulak, tintaren
kolorea bera! kopiatu, eta kopuruak aldatu soilik, kopuru horiek gainera Ordiziako
Udalarentzat bideragarriak ote diren kontrastatu gabe.

Ordiziako errealitatea, beharrak eta baliabideak seriotasunez aztertu gabe egindako taula
da. Ordizirako proposamen erreala da?

Plagioa artearen munduan eta jarduera intelektualetan delitu bezala tipifikatuta badago,
nola kalifikatu beharko genuke politikan?

Kopiatzea hezkuntzan ikasle batek ez gainditzeko arrazoia bada, nolako suspentsoa jarri
beharko genioke PNVri?

Errenteriako plana EHBildurena da. Pozten gara PNVri ere gustatu baldin bazaio. Gu ere
bagaude Errenteriara begira ez ezik, Errenteriarekin elkarlanean. Baina lehen unetik ezagutu
dugun plangintza hori ezin da gure herrira moztu/itsatsi edo copy/paste baten moduan
ekarri, tamalez, gauzak ez dira hain errazak.

Ordiziako PNVren lehentasunak agerian geratzen dira, Bozeramaileen Batzordean
batasunetik jarduteko adierazpena adosten genbiltzan bitartean, ordurako prentsara
bideratuta zegoen proposamenaz txintik ere ez esateak.