Herritarren eta erakundeen bultzadak (Udala, nekazal sindikatuak eta elkarteak) herrietako azokak egiteko debekua bertan behera uztea behartu du Jaurlaritza. Ordiziako Udalak salbuespen egoera honetarako antolatu duen azokaren segurtasun neurriak eredutzat hartu dira beste hainbat herritan, azoka eta saltokietan, eta azoka burutzeko berme osoa dagoela erakutsi du.
Ilara luzeak izan dira frontoian erosketa egin ahal izateko aste honetan. Herritarrek gogoz hartu dute azokan erosten jarraitzeko aukera eta frontoi inguruak jendez gainezka izan ziren asteazkenean, eguerdira arte.
Azpimarratu behar da frontoian astero egiten ari den azoka ez dela asteazkenero Plaza Nagusian egiten den azoka bera, salbuespen egoera honetan antolatu den aparteko azoka baizik. Egun 10 ekoizleek eskaintzen dituzte haien produktuak frontoian, eta Udalak martxan jarri duen bideari esker, azokara bertaratu ezin diren gainerako baserritarrek ere, asteazkenero hurbiltzen zaizkien bezeroei euren produktuak saltzeko aukera dute. Erosketak telefonoz edo Whatsapp bidez egin ahal dira, baserritarrekin zuzenean harremanetan jarriz. Norberak nahi dituen produktuen zerrenda helarazten dio baserritarrari, eta asteazken goizerako erosketa horiek Beti Alai frontoi txikian egoten dira eta bertan jaso behar dira. Ordainketak telefonoz adostu beharko dira saltzaile bakoitzarekin. Modu honetan, asteazkeneroko ohiko Ordiziako Azokara etortzen diren beste hamar ekoizlek ematen du zerbitzua bezeroarentzat.
Informazio gehiago (https://www.ordizia.eus/partaidetza-eta-komunikazioa-albisteak/4587-salmenta-bide-berriak-sustatuko-ditu-ordiziako-udalak)