Nafarroa

Nafarroako Gobernua, Geoalcali eta Magna empresen arteko kolaborazioaren aurrekontua eta kanpaina justifikatzen duten ingurugiro-jasangarritasun txostenak eskatzen ditu EH Bilduk

| 2019-09-20 12:08:00

EH Bilduk kritikatzen du Nafarroako Gobernuaren aldeko jarrera ingurugiro inpaktu nabarmena duten bi meatze-proiektuekiko.

Prentsaren bidez jakin izan genuen Nafarroako Gobernua eta Geoalcali eta Magna enpresak elkarrekin lan egingo zutela “meatzaritzaren irudia hobetzeko”, eta, horrela, elkarrekin antolatu dituztela ‘MinerÉTICA 2019’ jardunaldiak.

Zentzu horretan, EH Bilduk jakin nahi du Nafarroako Gobernua eta bi enpresa horien arteko elkarlanaren markoa, kolaboratzaileen artean izandako bilera kopurua bai eta bakoitzaren gai-ordena ere, elkarlanaren eta jardunaldien aurrekontua eta zer beste industria-jardueraren eremutan uste duen Nafarroako Gobernuak beharrezkoa dela “irudia hobetzea”. Halaber, EH Bilduk kanpaina hori justifikatzen duten txostenak ezagutzea eskatzen du, ingurugiro jasangarritasuna, ekonomikoa eta sozialari dagozkionak. Horrela, EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak idatzizko galdera erregistratu du aipatutako gaien erantzunak eskatuz.

EH Bildu Aiegik kereila bat jarri du prebarikazioagatik Juan María Yanci (Ayegui Unido)-ren aurka

| 2019-09-17 13:24:00

EH Bildu Aiegik herriko argiztapen publikoak suposatuko duen gainkostua salatu nahi du. Izan ere, Oncinedaren dimentsioa ez badu ere, hasiera batean 60.000 euroko kontratua izan behar zena 600.000 eurokoa izanen da. Horrekin lotuta, EH Bildu Aiegik kereila bat aurkeztu du prebarikazioagatik Aiegiko alkate izan zen Juan María Yanciren aurka.

Aurreko legegintzaldian, EH Bilduko zinegotziek kontrol lana egin zuten eta Alkatetzak martxan jarri nahi zituen zenbait proiektu geldiaraztea lortu zuten (adibidez, tiro eremua). Kontrol lan horren baitan, bi gai izan ziren nagusi: Gaztisun-en kudeaketa (polikiroldegia eta udal-aterpetxea kudeatzen duen enpresa publikoa) eta Aiegiko argiztapen publikoa.

Argiztapen publikoaren gaia izan da azken urteko oposizio politikoaren ardatza. Lehenik, Udalera informazioa eskatuz (pixkanaka eskaini izan dena); ondoren, bilerekin bai eta Tokiko Administrazioaren sailerako telefono-deiekin ere. Halaber, Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko taldeak Nafarroako Kontuen Ganberari eskatu egin zion argiztapenaren espedientea fiskalizatzeko. Horrekin batera, hainbat prentsaurreko, elkarrizketak hedabideetan eta oposizio osoaren arteko prentsaurrekoak egin dira, eta auziaren inguruko informazioa-orriak banatu dira herrian.

Ildo horretan, pasa den apirilean, Tokiko Administrazioaren zuzendari orokorrak 15/19 espedientearen 560 ebazpenaren bidez Aiegiko Udala behartu zuen energia-zerbitzuaren esleipen kontratuaren ofiziozko berrikuspenaren prozesua hastera, erabateko deuseztasunagatik.

Horrela, alkatetza duen taldearen jarrera tematiaren aurrean, beste urrats bat emateko beharra ikusi dugu eta gaia auzitegietara eraman. Hori dela eta, EH Bildu Aiegik kereila bat aurkeztu du prebarikazio delitu jarraituagatik (Zigor Kodearen 404 artikulua). Kereila honekin argitu nahi da Juan María Yanci Lópezen parte hartze maila, 2015-2019 artean alkate zenekoa eta egun alkateorde denarena. Datorren irailaren 19an, Juan María Yanci López Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegian izan beharko da.

 

EH Bilduko hautetsiek Defentsa Ministerioaren Ezkabako proiektua arbuiatzen dute

| 2019-09-10 10:43:00

Zoritxarrez, begi-bistakoa da espainiar Estatuaren egitura batzuk iraganari begira bizi direla eta uste dutela edozein arau eta legeren gainetik daudela, are eta gehiago gizartearen borondatearen gainetik. Latza da Nafarroako gizarteak duen esperientzia historikoa espainiar armadarekin. Izan ere, gertaera biolento eta oso traumatikoen kate bat izan da. Ezkabako Gotorlekua Nafarroako oroimen kolektiboan bizirik dirauen erreferentzia horietako bat da. Derrigorrezko zerbitzu militarra desagertu arte izan ziren intsumisoen atxilotze eta kartzelatzeak memoria horretan zizelkaturik geratu diren beste gertakizun batzuk dira. Esperientzia traumatiko gisa, baina, aldi berean, herri garaipen moduan gorde izan dena. Berez, espainiar Konstituzioak gehiegizko ahalmen eta boterea egozten dio armadari, Nafarroako herritarren beharrekin zerikusirik ez dutenak eta arazoak baino sortzen ez dizkietenak. Hori gutxi balitz, espainiar armadak ahalmen horiek bere gisara ulertu eta egokitzen ditu bere interes partikularren arabera.

 

Hortaz, duela gutxi jakin dugu Espainiako Defentsa Ministerioak proiektu bat aurkeztu duela Ezkabako mendi-magalean 4.550 metrotako hesi bat altxatzeko (Aitzoaingo tiro eremua Gotorlekuarekin lotuz), 52 hektareatako eremu oso bat bereganatuz eta itxiz. Defentsa Ministerioak lur horien jabe dela dio, lehendik desjabetu egin zituela esanez eta tiro barrutiaren segurtasun-eremua handitzearen aitzakiapean.

 

Lehenik eta behin, eta Espainiako Defentsa Ministerioak esaten duenaren aurka, argi utzi nahi dugu lur horiek erregistratuak daudela komunal gisa Aitzoaingo Kontzejuaren katastroan.

 

Bigarrenik, herritarrak ohartarazi nahi ditugu proiektu horrek eragingo lituzkeen kalteez, bereziki ibilgailu (emergentziak, suhiltzaileak, mendi-guardak...), bizikleta eta oinezkoen zirkulazioa eragotziko lukeelako. Halaber, animalien joan-etorriak oztopatuko lituzke.

 

Era berean, proiektu horrek larriki baldintzatuko luke egungo basabideen sarea (Memoria Historikoaren tokia den Gotorlekuko ihesaldia ezagutzen den GR 225a barne). Sare horren hego-mendebaleko zatia guztiz oztopatuko luke, eremua artikulatzeko eta armonizatzeko egin den ibilbideen sarearen diseinu orokorra kolokan jarriz.

 

Halaber, hesi horrek larriki eragingo lioke “Ezkaba Parkearen” proiektuari. Mendi horren inguruko 8 udaletxek bultzatu dute proiektu hori, ezinbestekoa litzatekeen PSIS bat egiteko Iruñerriko Mankomunitatearen babesa eta laguntza izan dutelarik. Nafarroako Gobernuak onartu zuen PSISaren dokumentua eta gaur egun tramitazio fasean dago.

 

Aldi berean udal horiek urgenteak ziren hainbat neurri hartu eta Ezkaba mendia kudeatzeko lan batzuk egin dituzte. Hala nola:

                 -Garbiketa eta mantenua. Une honetan mendia garbi baldin badago, udal horien lanagatik, boluntarioen ekarpenagatik eta herritarrek egiten duten erabilpen txukunagatik da.

                - Mendiko bide eta BTTko ibilbideen seinaleztapen eta homologazioa.

 

Arestian aipatutako arazo eta arrazoiak aski lirateke Defentsa Ministerioaren proiektu horrekiko gure erabateko oposizioa adierazteko. Baina horrekin batera Espainiako Armadaren jokabideari buruzko gogoeta batzuk azaldu nahi ditugu. Espainiako Armadak jarraitzen du erabiltzen lur eremu batzuk (bereziki komunalak zirenak), instalazio eta eraikin batzuk Nafarroako luze zabalean, gure irudiko gatazka ezberdinetan eta, batez ere, 1936ko altxamenduaren ondorioz bereganatutako ospil direnak. Hau bereziki lazgarria Ezkabako Gotorlekuaren kasuan duen esanahiagatik, bai eta “Ciudadela” elkartearen instalakuntzak (“militarren igerilekuak” deitu ohi direnak) Iruñeko Antoniutti parkean. Lehena  Nafarroako memoria historikoaren erreferentzia nagusietarikoa da; bigarrenak, berriz, Iruñeko arnasgunea den parkean dauden aisialdi instalazio pribatu batzuk dira, konkistaren ondorioz (eta ondoren Udal frankista batekin egindako truke lotsagarria baten baten bidez) eskuratutako pribilegio batzuen arrandi nardagarria da.

 

Bada, ospil hori Nafarroako gizarteari itzultzen hasi beharrean, Espainiako armadak jarraitzen du pentsatzen nahi duen guztia egin dezakeela. Horren froga argia da aipatzen ari garen hesiaren proiektu hau, bai eta Aitzoaingo tiro eremuen dagoeneko eta baimen administratiborik gabe egin duen eraikina. Eraikin hori eraistea eskatzen dugu.

 

Gutun hau sinatzen dugun EH Bilduko hautetsiek adierazi nahi dugu gure konpromisoa Ezkaba mendiaren defentsarekin, bai eta parke natural izendatzearen aldeko posizioa. Aldi berean, Defentsa Ministerioaren proiektua salatu nahi dugu eta gure oposizioa adierazi. Gure ustez, bi irizpide mantendu behar dira espainiar armadak erabiltzen dituen eremu horien inguruan edota bereganatu nahiko lituzkeenen inguruan:

                -komunala ez da ukitzen

                -bada garaia ospil hori itzultzen hasteko eta ez desjabetze gehiago egiteko

 

 

 

Sinatzen duten hautetsiak:

 

Ander Oroz Casimiro

Raul Maiza Gonzalez   

Alfredo Arruiz Sotés   

Mikel Oteiza Iza

Koldo Ábrego Primo 

Karmiñe Gil Sesma      

EH Bilduk Skolae lehenbailehen abian jartzeko eskatzen du

| 2019-09-06 12:48:00

EH Bilduk bere kezka agertu nahi du, ikasturtea dagoeneko hasi delarik, oraindik ez delako abian jarri ikastetxeetan Skolae hezkidetza programa. PSNren Gobernuak programarekin jarraitzeko asmoa adierazi du bai eta ikastetxe gehiagotara zabaltzekoa ere. Hala ere, ikastetxeetan Skolaeren ezarpenaren eta noiz aurreikusten den egitearen inguruan ezjakintasun handia dagoela salatu nahi dugu. Hori dela eta, oso kezkatuta gaude atzerapenagatik eta horrek hezkidetza programaren garapenean ekar ditzakeen ondorioengatik. Era berean, gogora ekarri nahi dugu berriki Skolaek jaso dituen aitortzak prestigiozko zenbait erakunderen aldetik, besteak beste Unesco nazioarteko saria eta Hondarribia saria, Skolaeren kalitatea eta sustatzen dituen baloreak bermatzen dituztenak.

 

Skolae ezartzeko atzeratzeak eragindako kezka dela eta, Skolaeren koordinazio taldea eta ikastetxe gehiagotara zabaltzeko beharrezko den planifikazioa lehenbailehen abian jartzeko eskatzen dugu. Ildo horretan, EH Bilduk Hezkuntza kontseilariaren agerraldi-eskaera erregistratu du.

EH Bilduk bere kezka berresten du Altsasuko gazteen egoera injustuagatik

| 2019-09-05 14:22:00

EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioa Altsasu Gurasoak plataformako kideekin bildu da gaur goizean eta 1000 egun baino gehiago preso daramaten euren semeen inguruko kezka helarazi die. Era berean, EH Bilduk bere elkartasun eta babesa agertu nahi die beste behin Altsasuko gazteei zein muntaia mediatiko eta polizialaren ondorioak pairatzen ari diren euren familiei eta lagunei.  EH Bilduk berriz salatu nahi du Altsasuko auzian ezarritako zigorren desproportzionaltasuna, giza eskubideen aldeko zenbait erakundek, Amnistia Internazionalak tartean, bai eta prestigiozko hainbat legelarik ere salatu egin dutena.

Auzitegi Gorenak helegitearen ebazpena ezagutzera ematen duen egun gutxi falta direlarik, bista datorren irailaren 18an izanen delarik, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-E Talde Parlamentarioek elkarrekin eskatu dugu lan-saio bat buru dadin Altsasu Gurasoek berriz aukera izan dezaten euren egoera Nafarroako Parlamentuan azaltzeko.