AKTUALITATEA


| 2024-11-08 10:26:00

Bel Pozueta Fernandez EH Bilduko diputatuak ahozko galdera bat erregistratu du Jordi Hereu i Boher Industria eta Turismo ministroari zuzenduta, Volkswagenek Alemanian iragarritako itxieren inguruan. Pozueta kezkatuta agertu da horiek Nafarroan eta tokiko enpleguan izan ditzakeen ondorioengatik, Landabengo lantegia herrialdeko ekonomiaren eragile nagusietako bat baita.

Zehazki, Espainiako Gobernuak Volkswagenen itxierek Nafarroan eragin lezaketen eragin ekonomiko eta sozialari buruzko aurreikuspenik ba ote duen galdetuko dio Pozuetak ministroari, datorren asteazkeneko Diputatuen Kongresuko kontrol saioan. EH Bilduren ustez, mugikortasunaren elektrifikazioa erronka handia da automobilismoaren industriarentzat; eta, beraz, beharrezkotzat eta ezinbestekotzat jotzen du erakunde publikoek sektore osoari laguntzea. Horren ildotik, erantzunik jaso gabe, mahai bat sortzea proposatu zion atzo EH Bilduk beste behin Nafarroako Gobernuari, kaltetutako enpresa guztiak eta ordezkaritza duten sindikatuak bilduko dituena.

Ezker subiranistaren iritziz, Nafarroako Volkswagenek arrakasta ugari eman dizkie partzuergoari eta markari, langileen inplikazioari eta lanari esker. Landaben da lantegirik produktiboena eta lehiakorrena, eta haren produktu-kalitatearen eta prozesuen indizeek Alemaniako lantegi batzuk berdindu eta gainditzen dituzte.