Nafarroa

Albisteak

Pernando Barrenak Caparrosoko behi haztegiari buruz galdetuko dio Europako Batzordeari


| 2021-03-31 11:14:00

EH Bilduko Pernando Barrena europarlamentariak Europako Batzordeari zuzendutako galdera bat erregistratu du, “Caparrosoko etxaldearen egoerari” buruz duen iritzia ezagutzeko.

Era berean, honako hau ere galdetu du: “Nafarroako Gobernuak emandako ingurumen-lizentziak animalien tratamendu eta ongizateari, hondakinen tratamenduari eta abeltzaintzako ustiategiei buruzko legeriari (makroustiapenak, esaterako) buruzko Europako araudia errespetatzen duen”.

EH Bilduk ohar batean gaitzetsi duenez, “onartezina da behi haztegiak bere ustiapena bikoiztu ahal izatea, Foru Gobernuak berriki emandako azken lizentziari esker; izan ere, horrek ingurumenean dagoeneko dituen ondorio kaltegarriak, erraz egiazta daitezkeenak, bikoiztu egingo ditu”.

Alde horretatik, EH Bilduren esanetan, “Greenpeacek eta beste erakunde batzuek salatu dute Caparrosoko behi haztegiaren egoera, eta agerian jarri dituzte enpresaren praktika txarrak”.

Hala, EH Bilduren ustez, premiazkoa da abiaraztea “animaliak bai eta gure ingurumena ere arrisku larrian jartzen dituzten gehiegizko abeltzaintza-jarduerak mugatuko dituen legedia”.