AKTUALITATEA


| 2020-08-14 11:06:00

Nafarroako EH Bildu Talde Parlamentarioak eskaera bat erregistratu du Santos Indurain Osasun kontseilariak premiazko agerraldia egin dezan Parlamentuan, “egoera epidemiologikoaren eta sanitarioaren berri emateko”.

EH Bilduren ustez, "premiazkoa da foru Exekutiboak uda honetan bizi dugun egoerari buruzko informazio argia ematea, baita kutsatzeak goiz detektatzeko eta Lehen Mailako Arreta eta ospitaleko eremuan osasun-arreta emateko gaitutako baliabideei buruzkoa ere". Era berean, "beharrezkoa da jakitea zer aurreikuspen egiten duen Departamentuak udazkenaren hasierarako birusaren eraginari buruz, eta zer neurri beharko liratekeen".

Ildo horretan, koalizio subiranistak Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren agerraldia ere eskatu du, "2020-2021 ikasturtearen hasierari buruzko protokoloaren berri eman dezan, baita hezkuntza-komunitateko eragileekin duten adostasun-mailaren eta segurtasuna, ekitatea, aniztasunaren arreta eta hezkuntza afektibo-emozionala bermatzeko gaitutako baliabideen berri eman dezan ere".

EH Bilduren arabera, "ikasturte berri baten atarian gaude eta, COVID-19ren intzidentzia datuen bilakaera kontuan hartuta, ez da panorama erraza aurreikusten". Hori dela eta, "ezinbestekoa da Gobernuak bere aurreikuspenen berri ematea eta osasun- eta hezkuntza-sektoreetako eragile sozial, sindikal eta politiko guztiekin lan egitea, etorkizuneko berragerraldiei aurre egiten eta haien ondorioak arintzen lagunduko duten neurrien planak egiteko".