AKTUALITATEA


| 2024-06-05 10:45:00

Laura Aznal Nafarroako bozeramaileak agerraldia egin du, gaur goizean, Iruñean, langileen eskubideen inguruan, eta Euskal Herriko langileen borroka, asmo eta eskaerekiko EH Bilduren konpromisoa berretsi du.

Gaur, Euskal Herriko langileen borroka, asmo eta eskaerekiko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Denok dakigu Europan gure bizitzetan eragina duten politika asko erabakitzen direla, gure lanpostuen bideragarritasuna, gure bizitzetan duintasunezko edo duintasunik gabeko etorkizuna izateko aukera... Ziurgabetasun uneak bizi ditugu, austeritatearen bidea aukera mehatxagarria da. Eta guk memoria daukagu eta badakigu zer suposatzen duen horrek: langabezia, pobrezia, etxegabetzeak, zerbitzu publikoen ahultzea eta guztiontzako lan prekaritatea. Ez gaude prest hura berriro zeharkatzeko, ezta bere politiken pizgarri izateko ere. Horregatik, EH Bilduk langileriaren etorkizuna defendatzen jarraitzeko borondatea eta konpromisoa berretsi nahi du. Eta harro egiten dugu, gure herria lan-baldintza duinak defendatzeko greba-kopuru handiena biltzen duen Europako lekua dela jakitun, gizarte- eta klase-kontzientzia kolektiboaren parte garela jakitun. Neoliberalismoaren eta bere austerizidioaren aurrean, eskubide eta indar gehiago izango duten langileen Europa defendatzen dugu. Elite ekonomiko aseezinaren aurrean, antolatutako langileon boterea defendatzen dugu, eta bizitza eta zaintza, haien onuren gainetik. Ekonomia arma-eskaladen bidez berrabiarazteko aukera baino ikusten ez dutenen aurrean, ekonomian zuzenean parte hartzearen alde egiten dugu, ezinbesteko trantsizio ekosozial justurantz jo ahal izateko. Von del Leyenek iragartzen dituen austeritate neurriek ez diote ezer onik elkarriko herri honi. Ultraeskuinari egiten dizkion etengabeko keinuek ez digu ezer honik ekarriko euskal herritarroi. Ziur gaude ekainaren 9an herri honek berriro erakutsiko duela faxismoak ez duela lekurik hemen. Herri honek berriro erakutsiko du gure eskubideak eta duintasuna defendatzen ditugula.