AKTUALITATEA


| 2023-02-04 13:18:00

Nafarroako beste hamasei udalerritan udal hauteskundeetako zerrendaburu izango diren pertsonak hautatzeko prozesua amaitu da. Oraingo honetan, Araitz, Arakil, Atarrabia, Barañain, Basaburua, Berriozar, Gares, Irunberri, Larraun, Lekunberri, Lizarra, Sartaguda, Tafalla, Uharte Arakil, Viana eta Ziordiako hautagaiak berretsi dituzte EH Bilduko militanteek.

Basaburua, Berriozar, Gares, Lizarra, Irunberri eta Tafalla aldaketak emango dira eta Santos Etxegia Oronoz, Iker Mariaezkurrena Zelaia, Itziar Imaz Artazcoz, Mikel Kolomo Gurbindo, Lola Eslava Serrano eta Xabier Alcuaz Andueza izango dira lehen aldiz alkategaiak, hurrenez hurren. Araitz, Arakil, Atarrabia, Larraun, Uharte Arakil eta Ziordian alkatetzak berresteko asmoa dute Joxe Manuel Zubillaga, Oihana Olabarria Jaka, Mikel Oteiza Iza, Mikel Huarte Martija, Txomin Uharte Baleztena eta Olatz Irizar Martinez hurrenez hurren. Bien bitartean, Barañain, Lekunberri, Sartaguda eta Vianan Oihaneder Indakoetxea Barberia, Arkaitz Goikoetxea Arriola, Paolo Albanese Weiss eta Irantzu Antoñana Abalos izango dira berriz zerrendaburuak.

Dagoeneko, guztira, EH Bilduk, Nafarroan, 29 udalerrietan burutu du zerrendaburua izendatzeko prozesua.


 


 

BIOGRAFIAK:

ARAITZ

Joxe Manuel Zubillaga

1961ean Araitzen jaioa. Eraikuntzan aditua eta bioeraikuntzan espezializatutako autonomoa da. Betidanik herrigintzan eta eragile desberdinetan parte hartu izan du. 80ko hamarkadan, Nafarroako nekazal kooperatibatismoaren sorreran partaide izan zen. Azken bi legealditan, Araizko Udaleko alkatea izan da.


 

ARAKIL

Oihana Olabarria Jaka

Duela 46 urte Iruñean jaioa. Etxarri eta Ihabar artean bizi izan da eta urte batzuk Argentinan eman ondoren, egun, Ihabarren bizi da bere bi alabekin. Gizarte lana ikasketak egin zituen eta Argentinan egon zen garaian, Agroekologian Goi Teknikaritza ikasi zuen. Arakilgo udalean zinegotzi lanetan egon da duela legegintzaldi batzuk eta azken lau urte hauetan, alkate.


 

ATARRABIA

Mikel Oteiza Iza

1980. urtean jaioa. Magisteritza Lehen Hezkuntzan Diplomatua. Artargiko aita eta Atarrabiako alkatea 2015etik.


 

BARAÑAIN

Oihaneder Indakoetxea Barberia

1978. urtean jaioa. Arte Ederretan Lizentziatua. Askatasuna Institutuko irakaslea eta zuzendari ohia. Barañaingo zinegotzia 2011tik. Barañaingo alkatea 2015-2019. EH Bilduko zerrendakidea Nafarroako Parlamentura (2019), Senatura (2019) eta Kongresura (2016)


 

BASABURUA

Santos Etxegia Oronoz

Igoan jaio zen 1967an. Erbitin, Iruñean eta Gesalatzeko Muniainen bizi izan da. 2002an Igoara itzuli zen. Ingurumenaren kudeaketan egiten du lan 1988 urteaz geroztik, Nafarroako Gobernuaren Sozietate Publiko batean. 30 urtez ingurumen-arloko obra-zuzendaritzako taldeak koordinatzeko lanak egin ditu. Basaburura itzuli zenetik, 12 urtez Igoako kontzejuko kide izan da (4 urte zinegotzi eta 8 urtez alkate). 2019-2023 legealdian EH Bilduko zinegotzi da Basaburuko Udalean.


 

BERRIOZAR

Iker Mariaezkurrena Zelaia

2014tik aurrera Berriozarko pilota eskolako entrenatzailea. Lehen Hezkuntzako Irakasleen Graduan graduatuta. Protekziorik gabeko adingabekoen pisu bateko hezitzailea 2 urtez (Xilema Fundazioan). Pilotaria afizionatu mailan eta pilotari profesional ohia Garfe enpresan. Nafarroako Euskal Pilota Federazioko kirol teknikaria.


 

GARES

Itziar Imaz Artazcoz

42 urte. Gaur egun Garesko udaleko zinegotzia. Material elektrikoko enpresa baten langilea eta enpresako langile komiteko delegatua 8 urtez.


 

IRUNBERRI

Lola Eslava Serrano

1993an Irunberrin jaioa. Zuzenbidean graduatua eta abokatu eta udal idazkari bezala lan egin du. Gaur egun Nafarroako EH Bilduko udalgintzako arduraduna da. 2019tik Irunberriko udaleko zinegotzia da. Irunberriko talde feministan eta herri mugimenduan parte hartzen du.


 

LARRAUN

Mikel Huarte Martija

55 urteko Larraundarra, Baraibarren bizi da 3 eta alaba ditu. 2004tik langile autonomoa, lehen sektorearekin lotutako lanetan aritzen delarik. Azken urteetan, herrigintzaren barruan hainbat eragileetan parte hartzea aktiboa izan du, 2 legegintzaldietan Baraibarko kontzejuko lehendakaria izan da eta azken legealdi honetan Larraungo alkatea.


 

LEKUNBERRI

Arkaitz Goikoetxea Arriola

Euskal Filologiako lizentziaduna eta itzultzailea lanbidez. Azken lau urteetan zinegotzi izan da Lekunberriko Udalean, eta beste zenbait esparrutan ere aritu da herrian eta Larraun bailaran: Guraso Elkartean, Bertso Eskolan, ikastetxeko Eskola Kontseiluan etab.


 

LIZARRA

Mikel Kolomo Gurbindo

Iruñean, 1992ko martxoaren 5ean sortua, txikitatik hezi eta hazi da Estella-Lizarran. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Lehen Hezkuntzako Irakaslearen Graduko ikaskuntzak burutu zituen. Gaur egun, UNEDek eskainitako “Estrategias y tecnologías para la función docente en la sociedad multicultural” masterra garatzen ari da. Oioneko eskolan jardun du gaurdaino: ikasketa buru lanetan hasieran, eta “Mentoretza Digitala”ren arduradun, egun. 2018-2020 bitarte SKOLAE programako tutoretzan parte hartzen du, baita dinamizazioan ere. Azken urteetan, herriko eragile ezberdinetan oinarritu du bere jardun politikoa. Honez gain, Lizarrako EH Bilduko koordinazio taldeko partaide izan da. 2022. urteko ekainetik, Estella-Lizarrako udaleko zinegotzia da; bai zein bertako Kirol eta Jarduera Fisiko alorreko Batzordeburua ere.


 

SARTAGUDA

Paolo Albanese Weiss

Eivissan jaio zen 1979an, eta Sartagudan bizi da 2007tik. Herriko hainbat elkartetan inplikatuta, Sartagudako alkatea izan zen 2015 eta 2019 artean, eta gaur egun zinegotzia da. Politika eta Administrazio Zientzietan graduatua eta EH Bilduko militantea.


 

TAFALLA

Xabier Alcuaz Andueza

31 urte, Enpresa zientzietan diplomatua eta Finantza kudeaketan eta Enpresa artekaritzan Masterra, orain Tokiko Garapen Agente bezala lanean. Musika, kirol eta herri mugimenduan ibilitako pertsona, baita gazte eta kultur taldeetan aritutakoa ere. EH Bildun parte hartzen hasi eta 2019-2021 urteetan zinegotzi izan zen. 2021etik aurrera Tafallako arduradun politikoa da.


 

UHARTE ARAKIL

Txomin Uharte Baleztena

1968.urtean jaioa. Hezkuntzan lanean aritu da, Ikastoletan, 28 urtez, Nafarroako “eremu ez-euskaldunean”. Uharte Arakilen bizi da eta herriko eragile ezberdinetan aritu da.


 

VIANA

Irantzu Antoñana Abalos

52 urte. Gorputz hezkuntza eta haur hezkuntza irakaslea. 2016tik zinegotzia da Vianako Udalean. Gaur egun, kultur, hezkuntza eta gazteriaren zinegotzako presidente aritzen da. Kirolzalea da eta herrian antolatutako ekintzetan kolaboratzailea. Herriko hainbat elkartetako kidea da: Viana Trekking (kirol elkartea), ANEA (emakumeen elkartea) eta Ultreya-Berri (kultur, kirol, eta jolas elkartea); azken horretako batzordeko partaidea da.


 

ZIORDIA

Olatz Irizar Martinez

1972. urtean jaioa. Kazetaritzatzan lizentziatua eta Sakanako Guaixe aldizkariko sortzaileetako bat. Azken urteetan Aholkularitza sozialeko kooperatiba batean egin du lan. 2015etik aurrera Ziordiko Udalean, lehenik zinegotzi eta azken lau urteetan alkate.