AKTUALITATEA


| 2024-09-20 11:43:00

EH Bilduk proposamen sorta bat aurkeztu dio Kulturaren Plan Estrategiko berriari, "hobetzeko eta dituen gabeziei erantzuteko". Talde parlamentarioak joan den asteazkenean Kultura Batzordean iragarri zuen planari buruzko alegazioak Gobernu Irekian horretarako ezarritako bidearen bitartez aurkezteko asmoa zuela.

EH Bilduko foru parlamentari Oihan Mendok Kultura Planaren aurkezpenaren ondoren azaldu zuen bezala, "plan egokia da, Europako funtsen amaierari aurre egiteko erronka garrantzitsua duelarik". Hala ere, "zenbait alderditan nahiko hobetu daitekeela uste dugu".

Horrela, alderdi subiranista kritiko agertu da euskara "berariaz aipatzen delako plan osoaren lan-ildo bakar batean". "Gure ikuspuntutik, euskara gai nagusia izan beharko litzateke planaren barruan, eta, beraz, zeharka jaso beharko litzateke. Oso deigarria da, adibidez, euskararik eza 5.2. lerroan, Herritarrak lurraldearen kultura-aberastasunaz eta hura zaintzeko beharraz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea. Nola ezin da euskara agertu, gure kultura-balio identifikagarrienetako bat izanda eta arrisku argian dagoena, bereziki zaindu beharreko eta sentsibilizatzeko elementu gisa?”

Era berean, landa-eremuan kultura bultzatzea da EH Bilduk aurkeztutako alegazioen beste ardatzetako bat. "Kultura oso tresna baliagarria da lurralde-kohesiorako eta sustatu egin behar da, toki-erakundeekin koordinatuta, kulturaren deszentralizazioa lortzeko, lurralde osoan aukerak eta estaldura ekitatez eskaintzeko", adierazi dute.

Ildo horretan, "pozten gara udalerriekin eta haien kultura-zerbitzuekin izan beharreko lankidetza planean zehar modu nabarmenean jasotzen delako, baina hobetu daitezkeen zenbait kontu daudela uste dugu", adierazi du Mendok. "Uste dugu planak finantzaketaren gaiari heldu beharko liokeela; izan ere, finantzaketarik gabe, udal askorentzat ezinezkoa da lanpostu tekniko eta kultura-elementu berriak zabaltzea eta sortzea". Halaber, EH Bilduk eskatzen du Nafarroako Gobernua izan dadila "planaren garapena dinamizatuko eta gidatuko duena, eta ez dezala erabat toki-erakundeen esku utzi Nafarroako agenda kulturala elikatzeko betebeharra".

Azkenik, EH Bilduk alegazioak aurkeztu ditu Mezenasgo Legearen, adimen artifizialaren, herri-kulturaren sustapenaren eta sortzaile gazteentzako laguntzen inguruan.