AKTUALITATEA


| 2025-10-23 09:20:00

EH Bildu kezkatuta agertu da Osasun kontseilariak astearte honetan iragarri duen Osasunbideko gerentea kargutik kentzearen inguruko “azalpen faltagatik”. “Hain garrantzitsua den karguan dagoen pertsona kentzea justifikazio garrantzitsu batekin batera egin beharko litzateke, baina ez da halakorik izan; izan ere, birbultzadaz bakarrik hitz egitea ez da nahikoa, argi eta garbi”, nabarmendu du.

Ildo horretan, alderdi subiranistak “positibotzat” jo du legegintzaldiaren bigarren zatiari bultzada bat eman nahi izatea, “baina behar bezala justifikatutako erabakia izan behar da eta, batez ere, modu ordenatuan egindakoa”. “Deigarria da oraindik ez jakitea hemendik aurrera Osasunbideko gerentzia nork hartuko duen eta horrek izugarri kezkatzen gaitu”, adierazi dute EH Bildutik.

EH Bilduren ustez, Nafarroako osasun sistema publikoa “ezin da paralisiaren menpe egon irisgarritasun erronka nabarmenak dauden une honetan”. Gainera, legealdi honetan Osasunbideari dagokionez “erronka legegile garrantzitsuak” egiteke daudela adierazi du, “hala nola, Lehen Mailako Arreta indartzea, etengabeko arretaren erreforma edo Osasunari buruzko Foru Legea”.

Horregatik guztiagatik, “ezinbestekoa da Osasun kontseilariaren argipenak eta azalpenak jasotzea, bai eta bermeak eskaintzea ere halako garrantzia duten erabakiek Osasunbidearen osasun-arreta egokia baldintzatu ez dezaten”, amaitu du. Hala, EH Bilduk jakinarazi du Domínguez kontseilariaren agerraldia eskatuko duela Nafarroako Parlamentuan, “dagozkion azalpenak eman ditzan”.