EH Bilduren III. Kongresuaren baitan, Hegoaldeko zuzendaritza osatu ostean, Nafarroa Garaiko Idazkaritza eta Mahai Politikoa berritu dituzte bilkideek, martxoaren 13tik eta 15a bitartean egin den bozketa prozesuan. %95,35eko babesa jaso du, Nafarroa Garaiko Mahai Politikoaren abalarekin, Miren Zabaleta arduradun politikoak Idazkaritzarako egindako hautagaitzak.
Modu honetara, Zabaletarekin batera, honakoek osatuko dute Idazkaritza: berezko kide den parlamentuko taldeko bozeramaile Laura Aznal Sagasti; dagokion erabaki esparru eta moduei jarraiki izendatuko den Iruñeko arduradun politikoa; eta hautatu berri diren Haritz Romeo Galdeano Eraketa arduraduna, Tomas Azpiroz Alkoz Politika Instituzionaleko arduraduna, Lola Eslava Serrano Udalgintza arduraduna eta Lohizune Amatria Zabalza Komunikazio arduraduna. Zabaleta %95,38ko babesarekin izendatu zuten bilkideek Nafarroako Arduradun Politiko, joan den otsailaren 8an Baluarten egindako ekitaldi politikoan.
Idazkaritzaren berritzearekin batera, Nafarroa Garaiko Mahai Politikoaren osaketa berria zehaztu dute, gainera, bilkideek. Izan ere, III. Kongresuan finkatu duen bi ganberako zuzendaritza-sistema izango du EH Bilduk Nafarroa Garaian: Mahai Politikoa eta Idazkaritza. Hamalau pertsonek osatuko dute Mahai Politikoa, idazkaritzako kideez gainera, beren arduren ondorioz kide diren honakoek: Parlamentuko taldeko bozeramaile ondoko Adolfo Araiz Flamarique, Madrilgo Kongresuko Nafarroako diputatu Bel Pozueta Fernández, Nafarroako talde parlamentarioko koordinatzaile politiko Arantxa Izurdiaga Osinaga, Iruñeko udal taldeko koordinatzaile politiko Garbiñe Bueno Zabalza, Sortuko ordezkari Lur Albizu Etxetxipia eta Eusko Alkartasunako ordezkari Xebe Txoperena Matxikote. Berezko kidea izango da ere Nafarroa Garaiko Arduradun politikoaren ondokoa, hark izendatuko duena.