AKTUALITATEA


| 2023-05-02 09:18:00

Laura Aznal, EH Bilduren Nafarroako Parlamenturako hautagaiak, urte hauetan EH Bilduk Agoitzen egin duen lana goraipatu du, “eskuinak herrian utzi zuen egoera negargarriari buelta emateko eta Udala aurrera ateratzeko, herritarrekin elkarlanean”. Ildo beretik, pozik agertu da Nafarroako Gobernuarekin lortutako akordioagatik, “horren bidez Itoizko urtegia eraikitzeagatik eskualdeko udalentzako konpentsazio bat gauzatu delako eta urteko 400.000 euroko partida bat badagoelako Nafarroako aurrekontuetan”.

 

Aznalek Agoizko Alkatetzarako alkategaiaren eta zerrendarren aurkezpenean parte hartu du, joan den ostiral arratsaldean, herriko Merkatu Plazan, burutu zena. Bere hitzartzean, gainera, presidentegaiak Mikel Zabalzaren kasua aipatu nahi izan du, “Intxaurrondoko garai ilunetan” heriotzara eraman zuten torturetan parte hartu zuen guardia zibil bat goi mailako kargu baterako izendatzearen harira. Horrela, Aznalek Marlaska ministroaren hitzak salatu ditu, “zigor judizialik ez egotea erabili baitu bere izendapena justifikatzeko”. “Oso kezkagarritzat eta iseka larritzat” jo ditu adierazpenok bere familia eta gertuko pertsonentzat, “zigorgabetasuna betikotzen eta torturaren errealitatea ezkutatzen jarraitzen baitute”.

 

Hala, “benetako bizikidetza demokratikoa eraikitzeko, giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsona guztiei tratamendu berbera ematea” oso garrantzitsua dela aldarrikatu du, “biktima guztiek izan behar dituzten eskubide guztiak aitortuz eta gauzatzeko”. Izan ere, gogorarazi duenez, “Nafarroan, orain arte, biktimetako batzuk bakarrik aitortu dira”.


Hori dela eta, Aznalek ordezkaritza duten “erakunde guztietatik lanean jarraitzeko konpromisoa” adierazi du, “Estatuaren indarkeriaren egia argitara ateratzeko eta biktima guztiek errekonozimendurako, erreparaziorako eta justiziarako duten eskubidean aurrera egiteko”. Ildo horretan, gogora ekarri du EH Bilduk “lan handia” egin duela “biktima hauek aitortzeko eta erreparatzeko bidea irekiko duen lege bat izateko azkenik, bai eta Nafarroako torturaren errealitatea dimentsionatzen hasteko balio izan duen txosten ofizial bat izateko ere”.