AKTUALITATEA


| 2024-11-04 11:29:00

EH Bildu pozik agertu da etxebizitzen merkatu eremu tentsionatu izendatzeko prozesuaren hasierari buruz Nafarroako Gobernuak egindako iragarpenarekin, eta administrazioen arteko lankidetza eskatu du neurri zuzentzaileak jasoko dituzten planak garatzeko. “Nafarroako biztanleen gehiena hartzen duten eremuak zona tentsionatu izendatuko dira, kolpe bakarrean gainera; eta horrek egungo egoera larria orekatzen laguntzeko beste tresna bat izaten ahalbidetuko du”, adierazi du ohar bidez ezker independentistak.

Izendapenak bere horretan ez du inolako eraginik sortzen, eta horien ondorioz onartu beharreko Plan Bereziak dira egoera orekatzeko neurri zuzentzaileak jasoko dituztenak. Honela, EH Bilduk nabarmendu du administrazioen artean bilatu behar direla soluzioak: “Nafarroako Gobernuak etxebizitza arloan eskumena du eta hainbat neurri hartuko ditu baina, udalek hirigintza arloko eskumena dute eta horregatik, plan bereziak eraginkorrak izan daitezen, udalen eta Gobernuaren arteko lankidetza behar-beharrezkoa da”. Gobernatzen dituen udalerrietan plan integralak eta eraginkorrak osatzeko borondatea adierazi du koalizioak; bai zonalde tentsionatuetan Gobernuarekin batera neurriak adostuz, edo oraindik izendapenik lortu ez duten zonaldeetan udal mailako neurriak ezartzen jarraituz.

Ezker independentistak, halaber, ohartarazi du landa-eremua eta despopulazio arazoa duten lekuak izendapenetik kanpo geratu direla. “Etxebizitzak gizartearen kohesioan eragina izateaz gain, lurralde kohesioan ere badu. Landa-eremuan etxebizitza hutsen kopurua deigarria da eta hauek bizigarri egiteko neurriak hartzea beharrezkoa da”.

Etxebizitza izatea pertsonek bizi duina garatu ahal izateko oinarrizko eskubidea denez, administrazio publikoek hura bermatzeko esku hartu beharra dutela uste du EH Bilduk. Horrenbestez, arazoa dirauen bitartean, eskubidea bermatze bidean neurriak bultzatzen eta ezartzen jarraituko duela berretsi du.