Nafarroa

Albisteak

Joku etikoa bermatzeko neurriak proposatu ditu EH Bilduk


| 2021-05-25 13:04:00

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrarekin batera, boto partikular bat aurkeztu dio Apustuetxeei buruzko Ponentziatik eratorritako irizpenaren kirol-apustuak eta apustu-establezimenduak arautzeko atalari. Irizpen hori gaur onartu da Nafarroako Parlamentuan, Apustu Etxeen Ponentzian, hiru talde politiko horien aurkako botoekin.

EH Bildu ados agertu da onartutako irizpenean “jasotako ildo nagusiekin”, baina kritikatu du “oso urrun dagoela gure gizartean apustuak eta jokoa eragiten ari diren gizarte- eta osasun-arazo publikoa konpontzeko gaur egungo beharrei erantzutetik”. Hala, EH Bilduren ustez, boto partikularrak bereziki azpimarratzen du “kirol-apustuak egiteko establezimendu berriak ireki eta lehendik daudenak arautzeko mugak ezartzeko premia larria, kontsumitzaileen defentsa, talde zaurgarrien babesa eta, bereziki, adingabeen babesa bermatzeko neurriak ezarriz”.

Arantxa Izurdiaga Ponentziako EH Bilduren bozeramaileak azaldu duenez, “azken urteetan asko ugaritu dira joko-sektoreko lokalak, batez ere apustu-makinetakoak; horrek gizarte-alarma sortu du eta halako establezimenduen ugaritzea mugatzeko eta lehendik daudenak erregulatzeko joko etikoaren ikuspegitik arautzea beharrezkoa da”.

Alde horretatik, EH Bilduren dokumentuak honako hau proposatzen du: “Nafarroan horrelako establezimendu berriak irekitzeko mugak jartzea, horien artean gutxienez 600 metroko distantzia ezartzea eta ostalaritzako establezimenduetan kirol-apustuak egiteko terminalak debekatzea”.

Establezimenduen baldintzei dagokienez, “adin txikikoak eta autodebekatuen erregistroan inskribatutako pertsonak sartzea debekatzea, sarbidearen identifikazio- eta kontrol-prozesuak indartuz” planteatzen da. Horretarako, honako hau ere proposatzen da: “establezimendu horiek prestakuntza-plan bat izan behar dute beren langileentzat, Osasun Publikoaren ikuskaritzarekin; plan horrek joko seguruari buruzko informazioa eta laguntza, erabiltzaileen arrisku-portaerak atzematea eta sektorean droga-mendekotasunak prebenitzeko prestakuntza jasoko ditu”.

Era berean, EH Bilduren boto partikularrak “berariazko funts bat” sortzea planteatzen du “apustu-enpresa horien irabazien % 2aren ekarpenetik osatuko litzatekeena, kirol-apustuekin lotutako joko-patologiak prebenitu eta tratatzeko”.