Ikasleak sexuaren arabera banatzen jarraitzen duten ikastetxeetan legea betearaztera premiatu du Hezkuntza EH Bilduk


| 2022-09-20 11:07:00

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak mozio bat erregistratu du, eta horren bidez salatu du “hezkuntza-administrazioaren utzikeria Nafarroan ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeetan 2022an Batxilergoko itunak berritzerakoan”. Era berean, “ikastetxeek eta Nafarroako Gobernuak zeregin horretan duten erantzukizuna” nabarmendu du, eta Hezkuntza Departamentuari eskatu dio “indarrean dagoen legedia betearaz dezala Nafarroan sexuaren arabera banatzen jarraitzen duten ikastetxeetan”.

EH Bilduk balioan jarri duenez, “azken urteotan Nafarroan hainbat lege onartu dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko eta sexuagatiko, generoagatiko edo sexu-identitateagatiko bereizkeriari aurre egiteko”. Gainera, “agerian geratu da hezkuntzak eta hezkidetzak duten garrantzia emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko egitura-aldaketak sartzeko”. Hala, “Nafarroako gehiengo politiko eta sozialak babes argia eman du Skolae programa Nafarroako Hezkuntza Sisteman ezartzeko eta orokortzeko, gure ikasleak berdintasunean hezteko tresna estrategiko gisa”, gaineratu du.

Alderdi politikoak gogorarazi duenez, “duela hamar urte, Nafarroako Parlamentuko gehiengoak 17/2012 Foru Legea onartu zuen, sexuagatik bereizten zuten ikastetxeek itunak eskuratu ez zitzaten”. “Zoritxarrez, LOMCEk aukera hori blindatu zuen eta legea ezin izan zen aplikatu; baina, LOMLOE 2020ko abenduan onartu ondoren, ikastetxeak behartuta daude hezkidetza ezartzera”, defendatu du.

2021-22 ikasturtean, Nafarroan ikasleria sexuaren arabera banatzen duten ikastetxeek sei urterako berritu zituzten Lehen Hezkuntzako itunak, baina ikastetxe horiek “lehen mailako ikasgelak soilik bihurtu zituzten misto, derrigorrezko etapetarako araudian jasotako pixkanakako birmoldaketarako aukerari helduz”. Ikasturte honetarako Batxilergoko itunak berritu dira, eta EH Bilduk salatu duenez, “ikastetxe horiek hezkuntza bereizia mantendu dute, indarrean dagoen araudia kontuan hartu gabe”.

Ildo horretatik, EH Bilduren esanetan, “deigarria da Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntza Ikuskaritzaren bidez, aurreko ikasturtetik ikasi ez izana eta aldez aurretik araudia betetzen dela bermatu ez izana, ikasturte honetarako plangintza bat eskatuz, Batxilergoko bi ikasturteetan ikasgela misto bihurtzeko. A posteriori esku hartzen du berriro eta itunak iraungitzera eraman lezakeen prozedura bati ekiten dio”.

Hori dela eta, talde parlamentarioak erregistratutako mozioak Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio “araudia ez betetzeari buruzko administrazio-prozedura ahalik eta azkarren amaitzeko, hezkidetza bermatzeko beharrezko neurriak hartuz edo, hala badagokio, ikasturte honetan bertan finantzazio publikoa galtzea”.

Halaber, EH Bilduk Nafarroako Parlamentua premiatu du “sexuagatiko bereizketan oinarritutako hezkuntza-eredua baztertzailea eta hezkidetzaren aurkakoa” dela berrestera bai eta “berdintasunean oinarritutako balioak eta harreman-ereduak bultzatzeko konpromisoa” adieraztera ere.