Nafarroa

Albisteak

Hezkuntza-itunak bere osotasunean betetzeko eskatu dio EH Bilduk foru Gobernuari


| 2021-06-18 13:47:00

EH Bildu Nafarroa “pozik” agertu da aurreko legegintzaldian sare publikoan zein itunpekoan “hezkuntza-itunen betetzean egindako aurrerapenagatik, orain arte eskatu dugun bezala”.

EH Bilduk ohar batean gogorarazi duenez, “EH Bildurekin erdietsitako 2020ko aurrekontu-akordioan, Nafarroako Gobernuak hitzeman zuen hitzarmenak betetzeko egutegi errealista adostuko zuela sindikatu sinatzaileekin”. “Bistan da 2020an eta 2021ean pandemiak sortu duen testuinguru konplexuak aldatu eta atzeratu egin dituela aurreikusita zeuden hainbat aurrekontu-neurri”, azaldu du, baina, aldi berean, “irmoki” defendatu du pandemia “ezin dela aitzakia izan hitzarmenen betetzea denboran luzatzeko”.

Ildo horretatik, EH Bilduren ustez, “legealdiaren erdia unea zen pauso eraginkorrak emateko eta irakasleen hezkuntza-kalitatearekin eta lan-baldintzekin konpromiso argia hartzeko”. “Pandemiak agerian utzi du hezkuntza-arloko profesional guztiek presentzialitatea eta kalitatezko arreta pedagogiko eta emozionala bermatzeko egiten duten lanak duen garrantzia”, nabarmendu du.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk balioan jarri du sare publikoko 55 urteko irakasleen ordu-murrizketa bai eta “sare itunduko irakasleei 2012an ezarritako murrizketen itzulketan egindako aurrerapena” ere. Nolanahi ere, “bide luzea dago hitzartutakoa betetzeko eta gainerako %2a ordaintzeko”, adierazi du.

Hala, EH Bilduk Hezkuntza Departamentuari eskatu dio “jarraipen-batzordeetan parte hartzen duten sindikatuekin idatzizko konpromisoa hartzeko, legegintzaldi honetan konpromiso hori betetzeko egutegi batekin”.